TREBA gurasoak programak 75 hitzaldi eta tailer eskaini ditu, bere lehen urtean, Gipuzkoa osoan

GFAko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-proiektua “funtsezko baliabide oso interesgarri eta baliagarritzat” jo dute Gipuzkoako gurasoek

2022/07/07


Gipuzkoako 1.400 guraso baino gehiagok (1.435) parte hartu dute TREBA gurasoak programaren lehen edizioan. Foru Aldundiaren prestakuntza-proiektu hau azarotik ekainera garatu da, aurrez aurre eta dohainik. Zehazki, 69 hitzaldi eta 6 tailer egin dira Gipuzkoako 31 udalerritan, nahiz eta Omicron aldaerak urtarrilean egoera zaila sortu zuen eta saio batzuk atzeratu behar izan ziren.

Parte-hartzaileen balorazioa oso positiboa izan da: saio guztiak nota altuekin ebaluatu dituzte. Hain zuzen ere, hitzaldiak eta tailerrak interesgarriak (batez beste, 9,01) eta onuragarriak (batez beste, 8,85) izan dira.

Gurasoek adierazi dute baliabide horiek “oso baliagarriak” izan direla kontzeptu berriak ikasi eta guraso izateko modu berriak aztertzeko. Izan ere, tailer eta hitzaldi horien bitartez, Gipuzkoako Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak gurasoei tresnak eskaintzen dizkie, beren amatasun/aitatasun arduratsu eta positiboa garatzen laguntzeko. 

Hala, prestakuntza-proiektu honen helburu nagusia da, seme-alabekin egiten duten heziketa-lanean orientabideak ematea, haurren eta nerabeen garapena hobetzeko asmoz.

2021-2022. ikasturtean 12 gai jorratu dira eta honako hauek dira gehien eskaini direnak: emozioen garrantzia familian, arauak eta mugak familian (modu asertiboan), Internet (ohiturak, arriskuak eta erabilera segurua) eta komunikazio ez bortitza.

Saioetako batez besteko parte-hartzea 20 pertsona ingurukoa izan da, nahiz eta herriaren arabera aldaketak izan diren. Oro har, % 81 emakumeak izan dira eta % 19 gizonak. Formatuari dagokionez, berriz, hitzaldietara joan diren gurasoek 8,92rekin baloratu dute interesa, eta tailerretan, berriz, 9,53rekin.

 

Amatasun/aitatasun arduratsurako tresnak

TREBA Gurasoen prestakuntza-eskaintza Gipuzkoako guraso eta hezkuntza-eragileen (IGEak, hezitzaileak) proposamenekin eta eskaerekin osatu zen.
Lehenik eta behin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako zerbitzuekin lankidetzan, guraso eta eragile horien eskura jarri zuen TREBAgurasoak prestakuntza-jardueren katalogoa. Ekarpenak jaso ondoren, Aldundiak aztertu egin zituen eta, azkenean, 2021/22 ikasturte honetarako eskaintza garatu zuen.

 

Jarraian, Nerea Mendizabalek Gipuzkoako Foru Aldundian emandako “Komunikazio ez bortitza” hitzaldiaren bideo-laburpena ikus dezakezu:

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak