Atzealdea TREBAgazteak ikastaro berrirako izen-ematea irekita
2021/04/26
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak TREBA Gazteak prestakuntza-eskaintza du indarrean. Bertan, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen eremuko profesionalentzako lan-saioak eta gazteentzako ikastaroak aurki daitezke, besteak beste. Orain, 18-30 urte bitarteko gazteentzako bigarren ikastarorako izen-ematea irekiko da, beren ingurunea eraldatu nahi dutenentzat.
Martxoan ospatu zen adimen emozionalari buruzko ikastaroa. Guztira 25 gaztek parte hartu zuten, online nahiz aurrez aurre, plaza guztiak betez.
Maiatzean izango da “Gazte eraldatzaileak: Amestu eta ekin” ikastaro berria. Egungo pandemia egoeran gizarte-harremanek norberaren ongizatean duten garrantziaz jabetuta, ikastaro honetan gazteak bere burua ezagutzetik abiatuko dira, norberaren gaitasunak eta lidergoa ezagutu ostean, amesten dituzten proiektuak aurrera eramateko eta gizartean eragiteko lanabesak barneratzeko helburuarekin.
Ikastaroa maiatzaren 13, 21 eta 27an egingo da, 17:00etatik 20:00etara eta bi modalitatetan izango da: aurrez-aurrekoa, Gaztegunen (Anoeta pasealekua 28, Donostia) eta on line. Ikastaro guztiak doakoak dira eta 9 orduko iraupena izango dute. Aurrez aurreko 15 plaza egongo dira, eta streaming bidez jarraitzeko beste 15.
Ikastaroa euskaraz izango da (praktika ona gaztelaniaz) eta 3 zati ezberdin izango ditu: hitzaldia, praktika ona eta dinamika.
Jarraitu gure sareak