Atzealdea Zumaiako gazte talde batek Auschwitz-eko kontzentrazio eremuak bisitatu ditu

Bidaia Etikasi programaren barruan kokatzen da, helburu hezitzaileekin gerragatik markatutako hiri europarrak bisitatzea helburu duen ekimen esperimentala.

2019/07/10


Zumaiako Zumaiena ikastetxeko Batxilerreko lehen mailako ikasleak Auschwitzen izan dira bost egunez Etikasi programari esker. Eusko Jaurlaritzak eta EGK-k antolatutako esperientzia piloto honek, etikaz eta giza eskubideez ikasteko helburu du, gazteen hausnarketa prozesuan laguntzeko eta euren artean eztabaida sustatzeko. Izan ere, giza eskubideen arloko hezkuntzaren ikuspegitik, munduko beste leku edo historia batzuetan bizi diren gertaera traumatikoak ezagutzeko edo fisikoki haiei hurbiltzeko esperientziak asko irakatsi dezake, eta ikasitakoak, gainera, etorkizunari begira iraun dezake. Beste pertsonen lekuan jartzea ahalbidetzen digu eta mundua beste leku batetik ikustea.

Guztira, 16-17 urte bitarteko 30 gaztek izan dira esperientzia berritzailean parte hartu dutenak, eta Auschwitzeko kontzentrazio esparruak ezagutzeaz gain, bertako elkarteekin eta gazteekin harremana eta trukea izateko aukera izan dute, bertan igarotako errealitatea hobeto ezagutuz. Bestalde, bisita gidatuak tailer pedagogiko ezberdinekin tartekatu dira. Azkenik, gazteek bidaia Cracoviako hiria bisitatuz amaitu dute.

Zumaiako taldea hautaketa-prozesu batean aukeratua izan zen bidaiara joateko. Taldeak, aldez aurretik eta Etikasi programaren oinarrietan azaltzen zen bezala, giza eskubideen gaia jorratu eta ezaugarri tekniko batzuk betetzen zituen bideo labur bat egin behar izan zuen. Bidaia amaituta, parte-hartzaileek beste lan bat egin beharko dute, bidaian ezagututako lekuaren eta Euskadin egindako memoria kritikoaren artean etikaren ikuspuntutik dauden amankomuneko puntuei buruz ondorioak ateraz.