Atzealdea Laurgain artxiboko altxorrak: Euskarazko gutuneria (1844-1850)

Laurgain artxiboko altxorrak: Euskarazko gutuneria (1844-1850)

Laurgain etxeko funtsean deskribatu gabe zeuden sortetan XIX. mende erdialdeko euskarazko gutuneria azaldu da

Laurgain artxiboko altxorrak: Euskarazko gutuneria (1844-1850)

Azken boladan, Laurgain oinetxeko artxiboa hainbat arrazoigatik egin da ezagun. Oihartzunik handiena, zalantzarik gabe, Joan Sebastian Elkanok Karlos erregeari idatzitako gutunek ekarri diote. Halaber, funts hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuratu izanaren berri ere eman da, agiriak (Elkanoren gutunak, tartean) kontserbazio-baldintza egokiak dituen leku batera aldatu direlako.

Funtsaren dokumentazio gehiena deskribatua bazegoen ere, guztiz antolatu eta deskribatu gabeko sortak gelditzen ziren: inbentario zaharretan jasota ez zeuden agiriak, gehienak XIX. mende erdialdeko gutuneriaz osatuak.

Deskribapen lan hauek Ereiten Kultur Zerbitzuak gauzatu ditu eta dokumentuen berrantolaketak zenbait bitxikeria eta ezusteko ekarri ditu. Horietako hainbatek Euskararekin lotura estua dute, hizkuntza horretan idatzitako agiri ezezagunak azaleratu baitira. Horien artean, 1906an idatzitako zorion-postal bat dago (AGG-GAO LAU2299 sortan sartuta), baina badira adierazgarriagoak. Azken horietaz arituko gara datozen lerroetan, labur bada ere.

1. Bi sortatxo

Euskaraz topatu diren agiri gehienak gutunak dira. Signaturarik gabeko bi sortatan zeuden, baina ez isolaturik. Aitzitik, beste gutun ugarirekin batera bilduta zeuden. Anabasa hori, ordea, ez zen erabatekoa. Bi sorta nagusi horien barruan zeuden agiriek beste sortatxo batzuk osatzen dituzten, taldeka, soka bidez lotuak eta gaiaren arabera nolabait sailkatuak.

Laurgain maiorazkoaren oinordeko eta artxiboaren antolatzaileetako bat izan zen Ignazio Lardizabal (1844-1926) zenbait gutun gaika biltzen hasi zen, eta beste horrenbeste egin zuen jorratzen ditugun agiriekin. Agidanez, euskaraz idatzita egotea deigarri suertatu zitzaion, eta dokumentu horiek bi sortatan lotzeaz gain, txartel bana gehitu zien, euskaraz zeudela adieraziz:

- “Laurcain. Cartas en vascuence de Joaquín Alcorta. 1848” (I Irudia).

- “Correspondencia de Joaquín Alcorta en vasco”.

I Irudia: Joakin Alkortaren gutunak euskaraz daudenaren oharra

Gutunak katalogatu gabe zegoen artxiboaren zatian zeudela aintzat hartzen badugu, ohar horiek jarri izanak testuak topatzeko aukerak handitzen zituela pentsa daiteke. Zoritxarrez, agiri horien berri izatea ez zen erraza: deskribatu gabeko sorten barruan sartuta zeudenez, orriak banan-banan kontsultatu behar ziren, eta orain arte inork gutxik halako ardura hartu duenez, euskarazko testuak mende eta erdiz lozorroan egon dira. Zorionez, burutu berri diren deskribapen-lanek esnatu egin dituzte.

Ustez dena eskuragarri eta jakintzat ematen den garaiotan, aurkikuntza honek artxiboetan ikertzekorik badagoela adierazten duen enegarren adibidea osatzen du, zalantzarik gabe.

2. Gutunen edukira hurbilduz

Katalogazio-proiektuaren baitan, euskarazko agiri hauekin ez da ikerketa sakonik burutu, oinarrizko lan bat baizik: bi sorta horiek espediente bakarrean elkartu dira, signatura eman zaie (AGG-GAO LAU2349) eta datu-base informatikoan laburpen orokor bat gauzatu da. Hortaz, materiala zorrotz eta egoki jorratu gabe dago, ardura hori profesionalek hartu beharko dutelarik. Hori burutzeko, aurkikuntzaren berri ematea funtsezkoa dela deritzogu, ildo nagusi batzuk aipatuz bada ere.

2.1. Garaia eta lekua

Kronologikoki ez dira oso aspaldiko gutunak, 1844-1850 epea hartzen baitute. Lekuari dagokionez, Aiako Laurgain auzunetik idatziak dira, eta garai haietan Irunen zeuden eta Laurgain maiorazkoaren jabe ziren Lardizabaldarrei zuzentzen zaizkie.

2.2. Protagonistak

Gorde zaizkigun idatzi hauek, Laurgain oinetxeko administratzaile zen Joakin Alkorta Larrañagak (1792-1865) bere jaun-andreei bidali zizkien. Hartzaileei dagokienez, gutun gehienak Juan Antonio Lardizabali (1779-1851) zuzenduak daude, baina badira haren emazte Benita Otazu (17??-1858) edo bien seme Ramon Lardizabal (1811-1880) idatzitakoak.

Alkorta delako hori Laurgain auzuneari estuki lotua egon zen, bertako elizak haren bataioa, ezkontza eta hiletak ikusi baitzituen. Horrez gain, sendiak Laurgain maiorazkoaren administrazioan eskarmentua izan zuen mende luze batez. Joakinen aurretik, bere aita Frantzisko Alkorta Arruti (1761-1851?) Migel Lardizabalentzat aritu zen lan haietan, XVIII-XIX. mendeen artean. Joakinen ondoren, berriz, XIX. mendearen bigarren erdian, bere hamar seme-alabetako Ignazio Mariak (1825-1900) hartu zuen ardura hori.

Ingurumari sozial hori oso ondo islatzen da gutunetan, Joakin bere jaun-andreei berorika erabiliz zuzentzen baitzaie, duela hamarkada gutxi arte zenbait gizarte-harremanetan ohikoa zen moduan.

Dena den, egiletasunaren inguruan ohar garrantzitsu bat egin behar da: gutun guztiak Joakin Alkortak sinatuak badira ere, testuetan hizki-molde desberdinak ageri dira. Horien artean dago Alkortarena, baina ez da askotan ikusten. Beste era batera esateko, gutunak idazteko ardura nagusia beste esku batzuk izan zutela ematen du; nork eta zergatik, etorkizuneko ikerkuntzek argitu beharko dute.Kasuren batean Ignazio semeak Ramon Lardizabali aitaren izenean idatzi ziola badakigu, 1849ko abuztuaren 19ko gutun bat idatzi eta sinatzen baitu (“Aitac encargacen nau Bedorri abisaceco”), Joakinen osasun-egoeraren ondorioz: “Aita motel ibili da eta orain catarrazo gaizto batequin dago…”.

2.3. Gaia

Ondasun-administratzaile batek idatzitako testuak izaki, mundu horri lotutako gora-beheren berriak agertzen zaizkigu. Baso edo mendietako zur eta egurren ingurukoek leku berezia dute, baina bestelako kontuak ere azaleratzen dira: gari- eta arto-uztaren eta intxaur-azalen salmenta, azienda edo abereak, konponketa-lanak, eguraldia, bi aldeetako familiei buruzko berriak eta abar.

Laurgain, 24 de Agosto de 1845.

Muy señor mío y mi amo.

Medicubaren semiac esan dit Bedorri esateco Errian sartu duala memorial bat eta Erriac esan diola pagatu nai duenac yllabete barru pagaceco eta nai ez duenac liztatic ateraceco, eta zer esatia nai duan escribituco du.

Tolareco Praisca eta Diego eta Praiscaren aizpa eta seme gaztia bigar dijuaz Aiaco bassarri batera, eta Miguel ezcondu zanian contratuba eguin omen zeben, alcarrequn [sic] ondo conponzen ezpaziran gauzac erdibana partizeco, eta orain ala partitu ditue.

Guizon batec encargatu nau Bedorngandio [sic] jaquiteco zenbatian emango dituan juan dan urtian zerratutaco inchaur tabloiac.

Conprituco du echeco guztiaquin.

Joaquín Alcorta 

​​​​​​​

 

Laurgain, 5 de Setiembre de 1849

Señora doña Benita de Otazu. Artu nuan Bedorren carta ogueta irucua bere denboran eta abisatu nion Nerecani ia artuco cituan eta ezuala biarric abisatu ziran. Orain artoric pensatu degu ychetic salcia eta jarri degu anega oguei errialian, baña oraindic ezta iñor agueri. Zarauzen eta Ayan ere oguei errialian dago. Adizera emango diot salcen diran edo certan guazen.

Ni jarri naiz entero ondo catarrazua pasata, eta azo torri zan don Jabier eta azo artu omen due Beon carta atrasatuba eta nagusiari pasa zayola esan digue. Eta alegra guera ondo daguala aritu degunian.

Conprituco du guztiaquin gure partez.

Joaquín Alcorta 

 

2.4. Luzera

Gutunen tamainari eta luzerari dagokionez, nahiko txikiak eta laburrak dira. Paperak egungo A5 tamaina du eta, hortaz, euskarriaren neurriak testua mugatzen du. Batzuetan testuak lerro gutxikoak dira, baina badaude orrialde bat edo biko luzera hartzen duten idatziak ere.

2.5. Gutun-kopurua

Puntu hau arlorik adierazgarrienetako bat da, iritsi zaizkigun idatziak ez baitira gutxi. Aipatutako AGG-GAO LAU2349 espediente horrek Alkortaren 96 gutun biltzen ditu, 1842-1850 epean gauzatuak eta euskaraz edo gaztelaniaz idatziak. Horrez gain, AGG-GAO LAU2369an euskaraz idatzita dagoen beste gutun bat du, 1849ko apirilaren 1ekoa. Hortaz, eta kalkulu zehatzagoen zain - aipatutako LAU2369 sorta horretan aurkitutakoak gain, lehen begiratuan ez da besterik topatu, baina baliteke sortaren batean Alkortak sinatutako bestelako agiriren bat gordetzea -, Joakin Alkortak bere jaun-andreei aipatutako epean idatzi zizkien 97 gutunetik, euskaraz daudenak 72 dira, %74,2. Aintzat hartu beharreko kopurua, ezbairik gabe (ikus Taula).

Taula: Joakin Alkortaren gutuneria (1842-1850)

Urtea     Euskaraz Gaztelaniaz GUZTIRA
1842 0 7 7
1843 0 13 13
1844 8 2 10
1845 11 0 11
1846 17 1 18
1847 17 1 18
1848 10 0 10
1849 7 0 7
1850 2 1 3
GUZTIRA 72 25 97

 

Gutun horien ekoizpena ez zen modu homogeneo batean burutu. Izan ere, euskarazko idatziak 1844-1850 tartean gauzatu ziren bitartean, 1842 eta 1843 urteetako hogei gutunak gaztelania hutsean idatzita azaltzen zaizkigu.

Erdararen erabateko nagusitasun hori guztiz irauli zen ondorengo sei urteetan, ia hutsaren hurrengo izan arte: 1845, 1848 eta 1849 urteetan idatzi ziren gutun guztiak, hogeita zortzi, euskaraz egin ziren, eta hizkuntza horrek nagusitasun nabarmena izan zuen 1846 eta 1847 urteetan, gutunen %94,12 euskaraz burutu baitzen.

Hizkuntzaren erabileraren ildo horretatik beste hiru kontu aipa daitezke:

Batetik, gutunak euskaraz zein gaztelaniaz idatzita urte gutxitan ikusten ditugula. Hori hala izan zenean, euskararen nagusitasuna nabarmena suertatu zen. Portzentajea pixka bat jaisten da 1850ean, euskarazko ekoizpena %66koa izan baitzen. Dena den, azken urte horretako lagina oso apala da, hiru gutun besterik ez baitira gordetzen.

Bigarrenik, gutunaren mamiak elebakarrak direla azpimarratu behar da, bai gaztelaniaz zein euskaraz. Egia da euskarazko testuetan datak eta hasierako agurrak (ez amaierakoak) gaztelaniaz daudela, baina hori kenduta, hizkuntza bakarrean idatzita daude.

Azkenik, euskararen nagusitasun hau Frantziskori bakarrik lotuta ageri dela ematen du. Laurgaingo administrazioan leku hartu zion haren seme Ignazio Mariak Ramon Lardizabali eta honen seme Ignazio Lardizabali 1860-80ko hamarkadetan bidalitako gutunak hartuz gero, guztiak gaztelaniaz daudela ikusiko dugu.

Laurgain artxiboko euskarazko gutun hauek gure hizkuntzaren ikerkuntzan lagunduko dute, ez dago zalantzarik. Testu luzeak izan ez arren, eta gaiek aparteko berezitasunik ekartzen ez badute ere, Euskararen historia sozialean sakontzeko tresna erabilgarriak dira. Ildo horretatik, testuen egiletasunaren gakoa dugu, Alkortak denak sinatu bazituen ere, gehienak beste esku batzuk idatzi zituzten. Halaber, Lardizabaldarrek Alkortari emandako erantzunak zer hizkuntzatan eman ziren ez dakigu. Ikertzaileek ateak zabal-zabalik dituzte erronka horiei heltzeko.