Atzealdea Ofizioen kopiadore liburu baten zaharberritzea

Ofizioen kopiadore liburu baten zaharberritzea

1791-1792ko Ofizioen kopiadore liburu baten interbentzioa

Artxiboaren sorrera Gipuzkoako Hermandadea eratu zen garaian kokatu behar dugu. Artxiboak ez zuen egoitza finkorik izan 1530. urtera arte. 1530eko maiatzaren 4an Batzarre Nagusiek Zumaian bildurik, bere artxiboa Tolosako Santa Maria Elizan gordetzea adostu zuten. Han egon zen ia lau mendez 1904. urtean San Frantzisko pasealekuan kokatuta dagoen eraikinera ekarri zuten arte.

Historian zehar, bertan gordetako dokumentuek hainbat klima-baldintza eta hondamendi (suteak, gerra gatazkak, uholdeak…) jasan dituzte. Gertakari ezagunenetako bat 1781eko urriaren 9ko sutea da, non eliza eta artxiboko dokumentu asko kaltetuak izan ziren. Hiru tolosarren kemenari esker, egun ezagutzen ditugun hainbat dokumentu kontserbatu dira, sugarretatik salbatu nahian lehoitik behera bota zituztelako, batzuk ibaira jauziz.

AGG-GAO OK49 alea artxiboan gordetzen diren eta suak dokumentu batean eragin ditzakeen kalteak islatzen dituzten bolumen ugarietako bat da.

Suaren eraginpean egotetik eratorritako kedarra bere orrialde guztietan zipriztin solido gisa metatu zen, testuaren zati handi bat ezkutatzen zutenak, irakurketa zailduz edo galaraziz. Degradazio horri uraren eraginak gehitu zitzaizkion, hezetasun orbanak sortuz eta onddoen ugaritzearen ondorioz bionarriadura larria eragin zutenak.

Halaber, intsektuek azken orrialdetan kalteak eragin zituzten, galeria moduan. Faktore horiek guztiek areagotu egin zuten paperaren azidotasuna, orriak ilunduz. Ondorioz, liburuaren kontserbazio egoera oso kaskarra zen, bere kontsulta ezinduz.

Gipuzkoako Artxibo Orokorreko zaharberritze-laborategiak bolumenaren gaineko esku-hartze integrala egin du. Lehenik eta behin, euskarriaren eta sostengatutako elementuen kontserbazio-egoera zehazteko beharrezko analisiak egin dira. Lortutako emaitzetatik abiatuta, esku-hartzea planifikatu da, betiere zaharberritzearen arloan indarrean dauden printzipio deontologikoekin bat etorriz.

Helburu nagusiak, batetik, irakurketa zailtzen zuten eta orrialdeak elkarri itsastea eragiten zuten kedar eta koipe biltegiak kentzea; eta, bestetik, kutsatutako euskarriak desinfektatzea izan dira. Jatorrizko elementuak kaltetzen ez dituen metodo eraginkorrena ezartzeko, hainbat froga egin ziren teknika eta produktu desberdinekin, hala nola eskuzko garbiketa bisturi eta xurgapen kontrolatuarekin, eta toxikotasun txikiko disolbatzaileen aplikazioa. Azken prozedura hau izan zen eraginkorrena: alkoholetan bustitako kotoizko isipuekin orrialdeen tratamendua.

Zaharberritze-lanen emaitza oso ona izan da: metaketa solidoak eta orbanak nabarmen kendu dira, eta, horren ondorioz, testuaren irakurgarritasuna berreskuratu da.