Funts honetan Donostiako tabako fabrikako dokumentazioa jasotzen da. Zehazki, 1852.urtetik 2003.urtera enpresa horrek ekoiztutako agiriak biltzen dira.
Donostiako lehenbiziko tabako fabrika Garibai kalean izan zen, eta 1878ko maiatzaren 27ko Errege Aginduaz sortu zen, 1876an Foruak kendu zituztenean. Bertako instalazioen mugak kontuan hartuz, 1888an eraikin berria egiten hasi ziren, gaur egun Tabakalera izenez ezagutzen dena eta 1913an inauguratu zena.
1888.urtetik aurrera Tabakoaren Errentamendu Konpainia enpresak ustiatu zuen tabakoaren negozioa bertan, 1945ean Tabacalera, S.A.-k ordeztu zuen eta 1998.an enpresa publiko izatetik pribatu izatera pasatu zenean, Altadis, SA-ren eskuetan gelditu zen. Azkenik, 2001-2002 urteetan Donostiako tabako fabrika itxi egin zen, estatuan beste hainbatekin pasa zen moduan.
Funts hau Donostiako eta Gipuzkoako historia industriala ikertzeko oso aberatsa da eta hainbat ikuspegi lantzeko aukera ematen du:
Emakume langilearen ikuspegitik: enpresako langile gehienak emakumezkoak ziren, eta lantegi desberdinetan banatuta aritzen ziren eskulanetan. Era kolokialean, "devenadorak", "zigarrerak" eta "pitillerak" esaten zitzaien. Enpresak tabakoa ekoizteko oso makina aurreratuak zituen, baina enpresaren input nagusia emakume langile haien eskulana zen.
Langileriaren ikuspegitik: asistentzia-sistema propioa eduki zuten eta hainbat eskubide berezi ere bai (ikasketetarako laguntzak, etxebizitzak alokatzea, ekonomatoa). Lan-istripuetako dokumentazioa ere kontserbatzen da eta baita, ordezkaritza sindikalekoa ere.
Makineriaren ikuspegitik: dokumentazioaren zati bat makinen katalogoek osatzen dute.
Arkitekturaren ikuspegitik: Atotxa ondoko eraikinaren jatorrizko proiektuak eta planoak daude. Urteetan zehar egindako erreformak ere bai.
Ekonomiaren ikuspegitik: dokumentazioaren zati handi bat enpresa kudeaketaren lekuko zuzena da. Nagusiki, administrazio ekonomikoaren, ekoizpenaren, banaketaren eta salmentaren dokumentazioa da gorde dena
Kontsultarako baliabideak:
Funts hau gure online katalogoan deskribatuta dago.
Funtsaren osotasuna:
Artxibo honetan gordetzen dugun dokumentazioa Donostiako tabako fabrika zuzendu zuten enpresek (Tabakoaren Errentamendu Konpainia, Tabacalera eta Altadis-ek) kontserbatu dutena da. Beraz, hutsuneak izatea posiblea da (batez ere, langileen espedienteetan nabaritzen dena). Hala ere, enpresa horiek kontserbatu zuten guztia hemen daukagu, 2002.an Altadis enpresak Donostiako tabako fabrikako dokumentazioa hona transferitu baitzuen.
Funts osagarriak:
Fabrika honen bilakaera ikertzeko Donostiako udal artxiboan dokumentazio interesgarria egon daitekeela pentsatzen dugu, batez ere tabako fabrika eraikitzeari buruzkoa (obra baimenak, etab.).
Funtsa kontsultatzeko baldintzak:
Funtsaren zatirik handiena kontsulta librekoa da, hots, edozein pertsonak kontsultatu dezake dokumentazioa, bai aurrez aurre artxiboan, bai Internet bidez. Halaber, badaude hainbat dokumentu-serie beraien kontsulta mugatua dela datu pertsonalen babesaren araudia dela eta: nominen ordainketak, langileen espedienteak, etab.