"SELMA HUXLEY: IKUSPEGIA ETA KEMENA" ERAKUSKETAREN AURKEZPENA

Aurten, 2022an, 50 urte beteko dira Selma Huxley Euskal Herrira iritsi zela eta Aro Modernoan Euskal Herriko eta Kanadako itsas historiari buruzko ikerketak hasi zituela. 

Gipuzkoak aparteko zorra du Selma Huxleyrekin, bere ikerketekin behin betiko lagundu baitzuen gure historia ezagutzen, testuinguru unibertsal batean kokatuz. Huxleytar bat bezala, bere familiako tradizio liberalei leial izanez, lan oso bat garatu zuen haren bertute pertsonalen  bidez: kemena, bere lanaren balioan konfiantza, apurtu ezineko zintzotasun zientifikoa, eta apaltasuna. Balio horiek guztiak kalitatezko pertsonen eta, hala badagokio, ibilbide eredugarriko pertsonen ezaugarri dira.

Erakusketa honekin Selma Huxley pertsona aitzindari gisa aurkeztu nahi dugu, bide berriak urratu zituen pertsona gisa, beste batzuok ibili eta garatu genitzan.

Askotan ezezaguna den ildo bat jorratu nahi dugu erakusketa honetan: oinarrizko ikerketatik ondarearen kontserbaziora doan bidea, hartatik kultura hedapenera, literaturara (imajinario bat sortuz), eta azkenik -harritzekoa bada ere- eragin ekonomikoak zein sozialak eragiten dituen eremu batera.

Inoiz pentsatu al duzu zergatik den Ternua jantzi batzuen euskal marka? Ba al dakizu Ternua markaren lehenbiziko katalogoan kanadiar emakumezko historialari baten testua zegoela?

Albaola  proiektua ezagutzen al duzu? Eta Pasaialdea bizkortzeko egitasmo honetan diru asko inbertitzen ari dela?

Ba al dakizu artxibo honetako dokumentu baten informazioa funtsezkoa izan zela gaur egun oso ezaguna den Nao San Juan-a aurkitzeko?

Ziur dakizula Toti Martinez de Lezea zein den. Ba al dakizu liburu bat idatzi duela ‘Ùrak dakarrena’, Euskal Herriko eta antzinako 35 emakumeren bizitzak nobelatzen dituena?

Ba hauxe guztia posible da pertsona askori esker: baten batek pentsatu zuen Gipuzkoako dokumentu-ondarea babestu behar zela...; beste batzuek dokumentuak jaso, antolatu eta haien berri eman zuten eta ematen dute…; beste batek (Selma Huxleyk) urteak eman zituen Oñatin euskal marinelen eta Ternuaren arteko harremanak ikertzen…; beste ikerlari batzuek Selmaren bidea jarraitu zuten…; Toti Martinez de Lezea bezalako idazleek marinel haien bizitzak imajinatu eta nobelatu zituzten…; eta, azkenik, beste batzuek aukera sozio-ekonomikoak ikusi zituzten kultur imajinario horren gainean (euskal marinelena, hotza eta Ternuako baldintza latzei aurre eginez,…)

Kultura ekosistema bat da non hainbat kide bizi diren, ezagun ala ezezagunak. Eta ekosistema horretan parte hartzen duten guztiak behar-beharrezkoak dira, bakoitzak bere dedikazio, garrantzia edo inbertsioarekin, baina guzti-guztiak. Horretan funtsezkoa da ikuspegi berriak irekitzen dituen pertsonaren figura, eta horretan Selma Huxley aitzindaria izan zen, bide bat urratu zuen norbait.