«Aniztasunaren II. Foru Plana» dokumentua webgunean eskuragarri

II. Aniztasunaren Foru Planaren aurkezpena joan den ekainaren 23an egin ondoren, 2022-2024 urteetarako diseinatutako ekintza-plana jasotzen duen dokumentua eskuragarri dago jada gure aniztasunaren orrialdeko dokutekan.

-ren irudia
 «Aniztasunaren II. Foru Plana»  dokumentua webgunean eskuragarri

II. Aniztasunaren Foru Plana, eskubide-berdintasuna eta diskriminaziorik eza lortzea helburu duena, Aniztasunaren Sarea sortuko du, gizarte-sarearekiko lankidetzan jauzi bat egiteko.

Plangintza berriak Aniztasunaren Sarea eratzea ekarriko du, aniztasunak onarri ezberdinak ordezkatzen dituzten elkarte eta erakundeen arteko lankidetza-gune gisa. Parte hartzeko eta elkar entzuteko antolatuko da, foro ireki gisa, eta aholkuak emateko, kontrastatzeko eta proposamenak egiteko gaitasuna izango du.

10 ildo estrategiko, 21 ekintza zehatz

Helburu horretan sakontzeko, 2022-2024 aldirako Aniztasunaren II. Foru Planak hiru erronka nagusi, 10 ildo estrategiko eta 21 ekintza zehatz ezartzen ditu.

Lehenengo erronka pertsonak eta herritarrak aniztasunerantz aktibatzen jarraitzea da, eremu horretan Gipuzkoa eredua ere eraikitzeko helburuarekin; bigarrena, gizarte zibil antolatuarekin eta aniztasunaren eragileekin maila anitzeko elkarlaneko gobernantza baterantz aurrera egitea da; eta hirugarren erronka, azkenik, aniztasunaren eta giza eskubideen eremuan erakundeen arteko koordinazioa indartzea da.

Aniztasunari buruzko II. Foru Plana Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Foru Zuzendaritzak iazko apiriletik abendura bitartean garatutako eztabaida-prozesu parte-hartzaile baten bidez osatu da. Dinamika horretan 53 erakunde eta elkartetako ordezkariek parte hartu dute – Bederatzi udalerri, 32 elkarte, bost erakunde publiko eta zazpi erakunde –. Eragile horien guztien artean, lurraldean dauden aniztasunak egon ziren ordezkatuta: migrazioen ondoriozko aniztasuna, aniztasun etnikoa, dibertsitate funtzionala, orientazio sexualaren aniztasuna eta genero-identitatea.

Hainbat lan-saio eta jardunaldi parte-hartzaileren ondoren, hilabete hauetan planari lotutako 91 proposamen jaso dira. Horietatik, % 66 osorik jaso dira azken bertsioan (60 proposamen), % 29 partzialki gauzatu dira (26) eta, beraz, proposamenen % 95 Aniztasunaren II. Foru Planean islatu dira.

Azken emaitza eskuragarri dago webgune honetan erabiltzeko eta kontsultatzeko.