Atzealdea

Gazteen artean “aniztasunaren aldeko konpromisoa” hedatzeko programa abiarazi du Aldundiak

Gazteen artean “aniztasunaren aldeko konpromisoa” hedatzeko programa abiarazi du Aldundiak

'Aniztasunetik Eraikiz' egitasmoak hainbat testigantza eramango ditu ikasgeletara, estereotipoak gainditu eta gorroto mezuen aurkako jarrera sustatu asmoz

-ren irudia Gazteen artean “aniztasunaren aldeko konpromisoa” hedatzeko programa abiarazi du Aldundiak

Gazteen artean “aniztasunaren aldeko konpromisoa” indartzea helburu, Aniztasunetik Eraikiz programa abiaraziko du ikasturte honetan Gipuzkoako Aldundiak. Ikasleek beren inguruan bizi duten aniztasuna “ezagutu eta baloratu” dezaten “bide berri bat” ireki nahi du egitasmo honek, diskriminazioaren eta gorroto mezuen aurkako jarrerak sustatuz, nahiz giza eskubideekin lerrokatutako gogoetak sorraraziz. Horretarako, hainbat testigantza ikasgeletara eramango ditu foru erakundeak, ikastetxeekin elkarlanean.

Programaren berri eman du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, eskolaz eskola beren testigantza eskainiko duten bi pertsonekin batera. Izan ere, German Urteagak eta Junkal Cepedak, beste hamar gipuzkoarrekin batera, migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren, LGTBIQ+ pertsonen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emango diete lurraldeko gazteei.

Aniztasunaren eta giza eskubideen aldeko programa pedagogiko hau 2021-2022 ikasturtean hasiko da lurralde osoko zazpi ikastetxetan, zeinetan ikasle parte-hartzaileekin “hiru urteko lanketa” zabalduko den, “prozesu ikuspegi” batekin, zabaldu ere. DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratuko da eta hainbat gaitasun garatzeko ariketak proposatuko dira: aniztasuna eta enpatia lehen urtean, giza eskubideak eta partaidetza bigarrenean, eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrengoan. Azken fase horretan, hain justu ere, aurreko urteetan landu dutena kontuan izanik, komunikazio kanpaina baterako edukiak sortu eta garatuko dituzte gazteek.

Gaiaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, pertsona eta elkarte ezberdinak gelara eramango ditu programa honek. Azken horiek, beren esperientziatik eta bizipenetatik abiatuta, ikasleekin solas egingo dute, beren errealitate anitzetatik sentitzen dutena eta bizi izan dutena ikasleei azaldu. “Aztertu, sentitu eta konprometitu. Beren auzo eta herrietara begiratu eta inguruan ikusten dituzten egoerak eraldatzeko konpromisoa hartu dezaten saiatuko gara. Aniztasunarekin, diskriminaziorik ezarekin eta giza eskubidekin konpromisoa bultzatu nahi dugu ikasleen artean, agente aktibo bihurtu nahi ditugu”, nabarmendu du Ion Gambrak.

Ikastetxeetan, irakasleak izango dira ikasleekin saioak bideratuko dituztenak. Saio horiek gauzatzeko, berriz, urtero oinarrizko material bat prestatuko du Foru Aldundiak. Ikasmateriala ikasle guztientzako bera izango den arren, jarduerak ikastetxearen edo herriaren ezaugarrietara egokitzeko ahalegina egingo dute.

“Uda honetan ikusi dugun moduan, eraso homofoboak eta arrazistak, giza eskubideen aurkako jarrerak, tamalez, gertatu egiten dira egungo gizartean. Lurralde irekia eta modernoa gara, baina ez gaude halako jarreretatik libre. Erne jarraitu behar dugu bizikidetza, kohesioa eta elkartasuna desagerrarazi nahi dituzten joera populista eta atzerakoiei aurre egiteko”, adierazi du Giza Eskubideetako zuzendariak. Horretarako, bere ustez, “hezkuntza eta balioen transmisioa” lanabes “ezinhobeak” dira. “Errealitate anitzekin kontaktu zuzena edukitzea, haien inguruan bizi diren egoerei erreparatzea eta, gogoetatik abiatuz, konprometitzea, esperientzia aberasgarria izan daiteke gazteentzat. Etorkizuneko Gipuzkoa justua, modernoa eta kohesionatua izan dadin, gazteek daukate giltza”, gehitu du.

Gambrak gogoratu duenez, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak partaidetza prozesua abiarazi du aurten Giza Eskubideen eta Aniztasunaren II. Foru Plana egiteko. Testuinguru horretan, “populismo xenofoboa” zabaltzen ari den testuinguru batean, halako korronteei "balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea" beharrezkotzat jo du foru zuzendariak. "Programa hau lagungarri izan dadila Gipuzkoan berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko herritargo jabetu eta aktiboa eraikitzeko.