Diskriminazioak prebenitzeko eta kultura-aniztasunaren potentziala azaleratzeko kanpaina bat aktibatu dute

Egitasmo honekin, aurreiritziak eta estereotipoak desmuntatu eta gizarte-kohesioa bultzatu nahi dute elkarlanean ZAS! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak eta Aldundiak.

-ren irudia
 Diskriminazioak prebenitzeko eta kultura-aniztasunaren potentziala azaleratzeko kanpaina bat aktibatu dute

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak kanpaina berri bat abiarazi dute sare sozialetan, estereotipoak desegiteko eta kultura-aniztasunaren potentziala argitara emateko, gisa horretan euskal gizartean eragin eta bizikidetzarako espazioak sortzeko asmoz. Ekimen honetan garatutako mezuek eta ekintzek, sustatzaileek gaur goizean aurreratu dutenez, "gure gizartean kultur aniztasuna indartzeko eta diskriminazioak prebenitzeko zirimiria" izan nahi dute

Ion Gambrak, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak, eta Andrea Ruizek eta Xabier Aierdik, ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareko kideek, prentsaurreko batean aurkeztu dituzte kanpainaren edukiak. Azaldu dutenez, Aldundiaren laguntzarekin, ZAS!ek bere komunikazioaren elementu nagusia berritu du: www.zas.eus webgune berria, sarearen hiru lan-ardatzak modu erakargarri eta intuitiboago batean plazaratuz: dibulgazio-ardatza, diskurtso-ardatza eta prestakuntza-ardatza. Webgune berri honen helburua da herritarrek eduki horiek bere egitea, nahiz zurrumurruen aurkako eragile gisa duten estrategiarekin bat egitea, horretarako beharrezkoak diren ekitaldiei buruzko materialak eta albisteak eskainiz.

Webgunearen edukian Usteak, ustel saila nabarmendu liteke, zeinetan hainbat arlotan adituak diren pertsonei egindako 14 elkarrizketa biltzen diren. Bilduma honek migrazioarekin eta zurrumurruekin lotutako ohiko zalantzei erantzun nahi die. Dokumentua webgunean dago eskuragarri, eta sare sozialetako dibulgazio-estrategiaren zati nagusia da. Bertan, ZAS!en ahaleginaren zati handi baten isla jasotzen da, edukiak Facebookera edo Twitter-era egokituz, esate baterako, Jakin nahiko zenituzkeen gauzak… atalaren bitartez.

Era berean, Aldundiaren eta ZAS! sarearen arteko lankidetza sare sozialetan gauzatuko da datozen egunetan. Hamar infografiaren bitartez, garrantzi bereziko gaietan ikuspuntu landua plazaratuko da (generoa, hezkuntza, babesa, bakarrik dauden adingabeak, zurrumurruak desegiteko komunikazio-trebetasunak, arrazismoa, migrazioa eta errealitate soziodemografikoa). Pieza horiek guztiak webgunean daude eskuragarri, eta testuinguru bisualago batera egokitu dira, sare sozialetarako. Testuinguru horretan, diseinu erakargarri bat funtsezkoa da publiko berriekin konektatzeko.

Azkenik, baita ere, prentsaurrean kanpainako bi bideo aurkeztu dituzte. Bideo horiek migrazioen gaiari heltzen diote, gure gizartearen ezaugarri natural gisa, hala izan baita iraganean eta hala baita gaur egun ere.

 

 

Dibulgazio jardunaldiak

 

Bestalde, ZAS! sareko ordezkariek gehitu dutenez, azken asteetan zurrumurruen aurkako estrategia garatzen ari dira, sareetatik haratago. 2020an egindako jardueren artean, ZAS! solasaldiak egiten jarraitu du, kasu honetan Tolosan, Deban eta Aretxabaletan. Oraingoan genero islamofobia (Maya Amrae eta Eva María Gómez Petsicorekin) eta adierazpen askatasuna eta gorroto diskurtsoak (Imanol Zubero eta Mikel Mazkiaranekin) izan dituzte ardatz.

 

Prestakuntzari dagokionez, sarea akordio batera iritsi da Tokikom euskarazko tokiko hedabide sarearekin eta bi mintegi egin ditu, komunikabideen alorreko hamahiru profesional trebatu asmoz datuen testuinguruaren eta informazio-tratamenduaren inguruan, elementu horiek ezinbestekoak baitira gizartearen irudikapen estereotipatuetan ez erortzeko.

 

"Desberdintasunei muga jartzea"

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ZAS!en arteko lankidetza "desberdintasunei muga jartzeko" konpromisoan eta horiek "pandemiaren ondorioz" ez hazteko ahalegin bateratuan  kokatu du Ion Gambrak. Giza Eskubideen zuzendariak gogorarazi duenez, Gipuzkoako gizartea "irekia, solidarioa eta aniztasunarekiko errespetuzkoa" da. "Migrazioetatik datorren aniztasuna modu positiboan hartzen dute bertako biztanleek, jarrera irekiarekin eta ez arazotzat. Balio horiek sustatzen jarraitu behar dugu, Gipuzkoan ez baitago xenofobiarako eta diskriminaziorako tokirik. Gizarte gisa, guztion artean eraiki behar dugu korronte xenofoboen aurrean eusteko dike bat, pertsona guztiak aukera-berdintasunean bizi ahal izateko testuinguru bat sortuz, generoa, sexu-orientazioa, jatorria eta sinesmenak kontuan hartu gabe ", adierazi du.

Halaber, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak herritarrek zeregin horretan duten rola azpimarratu du; izan ere, bere ustez, "gizarte kohesionatu, kritiko eta ahaldundu bat" da estereotipoei eta zurrumurru faltsuei aurre egiteko "txertorik" onena. Gaur aurkeztutako ekimenek, hain zuzen ere, gizarte- eta erakunde-sarea indartzea dute helburu, aurreko legegintzaldian onartutako Aniztasunean Elkarbizitzeko Planak jasotzen duen bezala.

Andrea Ruiz Balzola eta Xabier Aierdi ZAS! sareko ordezkariek oso positibotzat jo dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abian duten lankidetza; “izan ere, batetik, gizarteak xenofobiaren eta diskriminazioaren aurka duen jarrera funtsezkoa da, eta, bestetik, kalkulaezina da gure erakundeek ematen duten balioa, zigorgabetasuna ahalik eta gehien mugatu eta murrizteko garaian". Gaineratu dutenez, "lan luzea eta iraunkorra da Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lankidetzaren bidez partekatzen duena" eta ZAS! sarean gizarte-erakundeek eta erakundeek parte hartzen dutela gogorarazi dute. Lankidetza iraunkorra dela sinetsita, eskerrak eman dizkiote Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariari, zuzendaritzak sarea indartzeko erakutsi duen prestutasunagatik.