Donostiako eraso homofoboa gaitzesteko adierazpena

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzespen osoa adierazi nahi du honako ohar honen bitartez, Donostiako lau gaztek Interneteko kanal publiko batean aste honetan beste gazte baten aurka egindako eraso homofoboaren eta indarkeriazko mehatxuen aurrean.

-ren irudia
 Donostiako eraso homofoboa gaitzesteko adierazpena

Halaber, foru erakundeak erasoaren biktimari eta haren senide zein gertukoei elkartasun osoa erakutsi nahi die eta babes osoa agertu, gizartean zabaldutako sumindurarekin bat eginez.

          Aldundiaren izenean, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari Ion Gambrak adierazi duenez, halako mehatxu eta jarrerak “erabat onartezinak” dira. “Gipuzkoan ez dute lekurik gorrotoak, genero-izaera ala sexu-orientazioa dela-eta egindako erasoek, ezta askatasun sexual eta indibidualen aurka egindako mehatxuek, are gutxiago indarkeria erabilita”.

Foru zuzendariak berretsi duenez, “Gipuzkoako gizarteak bizikidetzaren alde eta herritar orok bere afektibitatea eta sexualitatea askatasunez bizitzeko eskubidearen aldeko hautu garbia egiten duen heinean”, erasotzaile hauek eta LGBTIQ+ pertsonen aurka egiten dutenek, jakin behar dute halako jarrera eta ekintzek ez dutela lekurik gure lurraldean”. Hala, ohar honen bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du gertaera honek Gipuzkoako gizartean eragin duen sumindurarekin eta erakunde gisa giza eskubideen, berdintasunaren eta askatasun sexualaren aldeko konpromisoa berresten du.