Foru Aldundiak egoiliarrak, familiak eta egoitzetako langileak zainketa politiketan inplikatzea bilatzen du


Berrikuntza eta Partaidetzarako Begirale baten bidez, egoitzetan parte hartzeko eta ebaluatzeko sare bat sortuko da, iraupen luzeko zainketak arreta "gero eta pertsonalizatuagoa" izateko.
Gizarte-politiketatik "gero eta parte-hartzaileagoa, pertsonalizatuagoa eta komunitarioagoa" den eredu baterantz igarotzeko prozesuan murgilduta dago Gipuzkoa. Hala defendatu dute Eider Mendoza Gobernantzako eta Maite Peña Gizarte politiketako diputatuek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. Foru arduradunek Berrikuntza eta Partaidetzarako Begirale bat aurkeztu dute, lurraldeko 65 adinekoen egoitzen artean partaidetzarako eta ebaluaziorako sare bat sortzea helburu duena. Horrela, zentroetako COVID-19ren kudeaketaren hobekuntza-maila egiaztatzeaz gain, erabiltzaileek, senideek eta langileek zaintza-politiketan parte hartzea sustatuko da.
Horretarako, gutun bat bidali zaie adinekoen egoitzetako erabiltzaile guztiei (4120), haien senideei eta erreferentziazko tutoreei (1180), 5300 guztira. Parte-hartze eta ebaluazio sare bat aktibatzeko lehen urratsa da, eta oso baliotsua izango da etorkizuneko politika sozialak diseinatzen jarraitzeko, batez ere, iraupen luzeko zaintzara bideratutakoak. 
Esteka honen bidez, jasotako gutunean emandako kodea sartu behar den galdera-sortara sar zaitezke. Galdetegia euskaraz agertzen da, baina hizkuntzaz alda daiteke goiko koadroan, eskuinaldean, aukeratutako hizkuntza aukeratuz.

https://inkestak.gizebe.eus