"Gazteak euskaraz Etorkizuna Eraikiz" diseinatu eta kudeatzeko kontratua

14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeen artean euskarazko ikus-entzunezkoen edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoa dinamizatzea da kontratuaren helburua. Hautagaitzak ekainaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira.

-ren irudia
 "Gazteak euskaraz Etorkizuna Eraikiz" diseinatu eta kudeatzeko kontratua

14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeen artean euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoa sustatuko duen programa bat diseinatu eta kudeatzeko zerbitzua emango duen enpresa bat hautatu eta kontratatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enpresa esleipendunak Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimena hartu beharko du oinarri eta, horrekin batera, baita 2017ko azaroan EHUko IMG/MAC ikertzaile taldeak egindako azterketak ere. Azterketa horietan Gipuzkoako erabe euskaldunen artean euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoaz eta sorkuntzaz emandako ondorio eta emaitzak lortu ziren.

Kontratuaren dokumentuak Kontratazio Publikoaren Plataforman daude eskuragarri. Proposamenak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 8an bukatuko da.

Kontratatu nahi den zerbitzuaren barruko programa hiru ataletan hezurmamitu behar da:

  • Sortzaileentzako prestakuntza. Programan parte hartzen duten nerabeei zuzendutako ikus-entzunezkoen sorkuntzaren arloko prestakuntza ekintzen atal bat izan behar du programak.
  • Sorkuntza faserako laguntza. Programan parte hartzen duten nerabeei ikus-entzunezko edukiak sortzeko fasean zuzenean nahiz zeharka laguntzeko atal bat izan behar du programak.
  • Lehiaketa bidez partekatzea. Programan zehar sortutako ikus-entzunezko edukiak prozedura lehiakor baten bitartez partekatzeko atal orokor bat izan behar du programak. 

Azken batean, kontratatu nahi den zerbitzuak asmo orokor bakar bat izan behar du oro har: euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza, hedapena eta kontsumoa dinamizatzea 14 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeen artean.