2018ko Anton Abbadia sarirako oinarriak

Hautagaiak aurkezteko epea irailaren 20an bukatuko da eta azaroaren 30ean izango da sari banaketa. Anton Abbadia sariekin euskararen normalkuntzan aritutako pertsona, elkarte edota erakundeak saritzen ditu Aldundiak.

-ren irudia
 2018ko Anton Abbadia sarirako oinarriak

Abian da 2018ko Anton Abbadia saria. Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen aldeko lanetan aritutako pertsona, elkarte nahiz erakunderen bat sarituko du eta hautagaiak irailaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira. Sari banaketa azaroaren 30ean izango da, ostiralean.   

Hautagaiek gipuzkoarrak izan behar dute, edota, bestela, haien jarduna Gipuzkoan burutu behar dute nagusiki. Horrez gain, hautagaitzak aurkeztu ahal izateko, bi erakunde edo elkartek adostu eta proposatu behar dute hautagaiaren izena eta, ondoren, bere merezimenduak hemen aurkeztu. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta epaimahaiak ere aurkez ditzakete hautagaitzak.  

Hala, Abbadia sariekin euskararen normalkuntzaren edozein esparrutan dabiltzan pertsona nahiz eragileei aitortza publikoa egiten die Aldundiak eta, aitortza horretan, oso gogoan izaten da sarituak izandako ibilbidea eta ekarpena. Horren erakusle dira orain arte saritutakoek izan duten esperientzia edota beren lan arlo eta soslai ezberdinak.

Sariaren historia. Aldundiak 1996an sortu zuen Abbadia saria, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Hasieratik bilatu izan da giza alorrean egindako ahalegin isila onestea eta eredugarriak izan daitezkeen jokabideak sustatzea. Izan ere, sari horrekin ez da soilik jende adituaren aitortza bilatzen, euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko lanetan aritutako oinezko pertsona edo elkarteen ibilbideak ere hartzen baitira kontuan.

Hori horrela, profil eta esparru ezberdinetakoak izan dira orain arte saritutakoak:

  • 2017. Ibon Sarasola
  • 2016. Moriarti Produkzioak
  • 2015. Kike Amonarriz
  • 2013. Ixa Taldea
  • 2011. Mintzalagun Ekimena
  • 2009. Joxerra Garzia
  • 2007. Imanol Urbieta
  • 2006. Juanba Berasategi
  • 2005. Armiarma -Literaturaren Sarean-
  • 2004. Tinko Euskara Taldea
  • 2003. Elay Taldea
  • 2002. Juan Zelaia
  • 2001. Dionisio Amundarain
  • 2000. Ttakun Elkartea
  • 1999. Karmele Esnal
  • 1998. Antton Olariaga
  • 1997. Arrasate Euskaldun Dezagun
  • 1996. Arantzazuko Egutegia