Diputatuen Kontseiluak arigune iraunkor modura jokatuko du urte osoan zehar

Diputatuen Kontseiluak arigune iraunkor modura jokatuko du urte osoan zehar

Hori da Euskaraldiaren baitan Diputatuen Kontseiluak bere buruari ezarri dion erronka linguistikoa eta horrela berretsi eta indartu egin du bere bileretan euskara lehenesteko hartua duen konpromisoa.

-ren irudia
 Diputatuen Kontseiluak arigune iraunkor modura jokatuko du urte osoan zehar

Euskaraldiaren hirugarren ediziorako izen-ematea zabalik dagoen honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak erabaki du "arigune iraunkor gisa" lan egingo duela urte osoan zehar. Horrela, Euskaraldiak irauten duen 15 egunetan ez ezik, bere buruari ezarritako erronka linguistikoa urte osoan zehar mantentzea ebatzi du eta, beraz, bileretan euskararen erabilera lehenesteko ohitura berretsi eta indartu egin du horrela. Hala jakinarazi du Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kontseiluak euskaraz garatu izan du bere jarduna azken urteotan, diputatu bakoitzaren 'ahobizi' nahiz 'belarriprest' izaera errespetatuz. 2020ko edizioan ere arigune gisa parte hartu zuen Euskaraldian eta orduko ariketa kolektiboa lagungarri izan zen hizkuntza ohitura horiek finkatzeko. Horregatik, oraingoan pauso bat gehiago eman eta bere burua "arigune iraunkor" izendatzeko erabakia hartu du Diputatuen Kontseiluak.

Euskaraldiaren bigarren edizioan 190 arigune eratu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian, eta 1.140 langilek parte hartu zuten. Orain, azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo den ariketa prestatzen dihardu Gipuzkoako Aldundiak, ariguneak izendatuz, formazioa eskainiz eta erronkak finkatuz.