Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria

Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duten lanagatik jasoko du saria elkarteak. Euskararen esperientziatik abiatzen dira kooperazio lan horiek egiteko eta gaur egun mundu mailako hamaika hizkuntza komunitaterekin egiten dute lan.

-ren irudia
 Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria

Garabide Elkarteak jasoko du 2022ko Abadia saria, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan egiten duen lanagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak abenduaren 10ean jakinarazi zuenez, epaimahaiak aho batez proposatu zuen Garabide Elkartea eta euskararen eta nazioarteko hizkuntza minorizatuen alde egiten ari den lana saritu nahi izan dute horrela. “Kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta, zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta”.

Mendozaren arabera, azken 50-60 urteetan garatu den euskararen biziberritze prozesuak aurrerapauso nabarmenak eragin ditu hizkuntzaren egoeran, eta erreferente bihurtu da munduko beste hizkuntza gutxituen komunitateentzat. Hala, euskal komunitateak ondo egin diren urrats horiek identifikatu, esportatu eta egokitzen saiatzen dira, beste hizkuntza minorizatuentzat lagungarri izan daitezkeen esparru horiek lantzeko. “Prozesuan pilatu den jakintza biltzen, erakusten eta transmititzen lan handia ari da egiten Garabide elkartea. Lan horrek bi norabide dituela ere erakutsi dute, alegia, euskararen komunitatean badugula erakusteko moduko esperientzia metatua eta, aldi berean, haiek badutela guri zer irakatsi hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan”, azaldu du

Bozeramaileak adierazi duenez, euskararen komunitateari bere esperientzia transmititzeko eta garatzeko erantzukizuna dagokio, beste komunitate batzuek hemengo jakintza eredu posible modura balia dezaten. “Elkartasunetik abiatuta erakutsi digute, hizkuntza gutxitu bat biziberritzea ez dela kapritxoa, eta garrantzi berezia duela planetaren aniztasunerako”. Gainera, Mendozaren esanetan, Garabide elkartearen lanari esker euskararen komunitatea jabetzen ari da gainerako hizkuntza gutxituekin baduela eginkizun partekatua, eta eginkizun horretan badagokiola trakzio lana egitea, euskaren inguruan pilatu den eskarmentua eta baliabideak guztion helburuen alde jarrita. “Honenbestez, uste dugu euskararen sustapenean adibide aurreratua dela, zabaldu beharreko eredua. Erakusten duelako, argi eta garbi, hizkuntza minorizatuen eta kulturaren biziberritze prozesuek oinarrian badutela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko ikuspegia”, azpimarratu du.

Anton Abadia saria. Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz. “Badira euskararen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan ari dira, eta gaian adituak diren pertsonei zuzenduta daude”, esan du foru arduradunak. Nolanahi ere, Anton Abadia sariak leku handiagoa bete nahi du, euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi baitu. Anton Abadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau ematearekin batera, euskararen inguruan lan egiten duten pertsona guztien harremanak indartu eta berritu nahi ditu Aldundiak, giro hurbil, bero eta alaian.

Sarituak urtez urte: ​​​​​​​​​​​​

Garabide - 2022

Pello Jauregi - 2020

Ahotsak.eus - 2018

Moriarti Produkzioak - 2016

Ixa Taldea - 2013

Joxerra Garcia - 2009

Juanba Berasategi - 2006

Tinko Euskara Elkartea - 2004

Juan Zelaia - 2002

Ttakun Elkartea - 2000

Antton Olariaga - 1998

Arantzazuko Egutegia - 1996

Fagor Taldea - 2021

Arantxa Urretabizkaia - 2019

Ibon Sarasola - 2017

Kike Amonarriz - 2015

Mintzalagun Ekimena - 2011

Imanol Urbieta - 2007

Armiarma - Literaturaren Sarean - 2005

Elay Taldea - 2003

Dionisio Amundarain - 2001

Karmele Esnal - 1999

Arrasate Euskaldun Dezagun - 1997

Anton Abadia  1810 - 1897​​​​​​​​​​​​​​