Aurrerantzean, Abadia Saria izango da, b bakarrarekin

EAL-Euskal Autoritateen Lantaldeak egindako gomendioari jarraituz, aurrerantzean Anton Abadia grafia erabiliko du Aldundiak euskararen biziberritzearen aldeko lanetan nabarmendutako herritar edo elkarteen jarduna saritzeko

-ren irudia
 Aurrerantzean, Abadia Saria izango da, b bakarrarekin

2022ko Abadia Saria emateko ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu zuen sariaren izendapenak grafia aldaketa bat izan duela dagoeneko aurtengo edizioan, "orain artekoa aldatzeko ohartarazpena eta Euskaltzaindiaren ebazpena" kontuan hartuta.

Ohartarazpena EAL-Euskal Autoritateen Lantaldeak helarazi zion Aldundiari. EAL, euskal autoritateak euskaratik landu eta bateratzeko proiektua da eta 2017an sortu zuten liburutegi eta dokumentazio-zentroetako zenbait profesionalek. izan ere, euskal bibliografia katalogatzerakoan euskal autoritateak nola eman zehaztuko duten irizpide eta tresna profesional bateratuen beharraren aurrean, autoritate horiek modu bateratuan landu eta finkatuko zituen talde bat eratzea erabaki zuten. Proiektuaren xedea da euskal bibliografiaren parte diren eta izen-abizen euskaldunak dituzten pertsona-autoritateen normalizazioa, hau da, euskaraz autoritate horiek nola eman behar diren finkatzea, eta erreferentzia fidagarria, bateratua eta iraunkorra sortzea, profesionalek, liburutegiek, eta baita nazioarte mailako egitura normatiboek ere (BNE, BNF, VIAF...) kontuan har dezaten. Horrela, etorkizunean Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sortzearen ideia gauzatuko balitz, norabide horretan dagoeneko bide bat eginda egongo litzateke gainera.

Gaur egun lantalde euskararen lurralde guztietako (euskal diaspora barne) eta erakunde ezberdinetako profesionalek osatzen dute: Baionako Mediateka, Bilketa-Euskal Funtsen Ataria, Uztaritzeko Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, Baionako Euskal Museoko liburutegia, ASNABI-Nafarroako Liburuzainen Elkartea, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Zuzendaritza, EIMA Katalogoa, Renoko Jon Bilbao Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa, HABE Liburutegia, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegia.

2017az geroztik, hilean behin egiten diren bileretan proiektuaren lan-eremua eta lan-metodologia landu eta sistematizatu dira, araudia garatzen eta lantaldea egonkortzen joan da eta, ondorioz, ehunka euskal autoritateren grafia finkatu da koherenteak diren irizpideen arabera. Horien artean dago Anton Abadiarena, zeinak ematen dion izena Aldundiaren sariari. hain zuzen, sariak duen ikusgarritasunak eragin zuen EALen ohartarazpena.

Aldundiak ebazpen ofiziala eskatu zion Euskaltzaindiari eta honen agiria bat etorri zen EALen oharpenarekin. Beraz, aurreratzean Abadia Saria grafia erabiliko du Aldundiak euskararen biziberritzearen aldeko lanetan nabarmendutako herritar edo elkarteen jarduna saritzeko garaian.