Abian da Euskaraldian izena emateko epea

Aldundiak bat egiten du Euskaraldiarekin eta herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izatera animatzen ditu. Denen partaidetzarekin euskararen erabilerari bultzada eman eta hizkuntza ohituretan eragitea da helburua.

-ren irudia
 Abian da Euskaraldian izena emateko epea

Iruñeko ekitaldiarekin hasiera eman zaio Euskaraldiko izen emateari eta dagoeneko asko dira Ahobizi edo Belarriprest izateko izena eman dutenak. Bi bide daude Euskaraldian izena emateko: batetik, Euskal Herriko herrietan eskuragarri dauden eskuorrien bitartez eta, bestetik, www.euskaraldia.eus webgunearen bidez. Azaroaren 22ra arte irekita egongo da izen ematea.

Euskaraldia bera azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zeharo egiten du bat ekimenarekin. Hala, animatu egiten ditu herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izatera eta euskararen erabilerari astinaldia ematera. Hamaika egun horietan Ahobizi eta Belarriprest txapak eramanez, herritar guztiek jakin ahal izango dute nork nahi duen berari euskaraz zuzentzea eta nork egingo duen, ahal denero, euskaraz. 

Ekimenaren helburua herritarren eguneroko bizitzan eragitea da, euskaldunak saretzeko eta erdaraz finkatuta dauden hizkuntza ohiturak euskarara pasatzeko. Azken batean, euskararen erabilerari modu orokortu batean eman nahi zaio bultzada eta horrexegatik izango da ekimena Euskal Herri mailakoa. Milaka herritar izango dira aldi berean Euskaraldian parte hartuko dutenak eta euskararen erabileraren olatua handia izatea espero da. 

Alabaina, zer da zehazki partaideek egun horietan egin beharko duena? Besterik gabe, txapa soinean eraman eta aukeratu duten rolarekiko konpromisoa mantendu.

  • Ahobizi: Euskaraz egingo du ulertzen duten guztiekin, edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin. Halaber, ezagutzen ez dituen lagunekin lehen hitza euskaraz egingo du eta ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko du. Ahobizi izateak, gainera, ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik.
  • Belarriprest: Euskaraz dakiten guztiei hari euskaraz egiteko gonbitea egingo die. Euskara ulertzen duela adieraziko die eta harekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuko die. Belarriprestak euskaraz edo erdaraz erantzungo du, baina berari euskaraz egiteko eskatuko du. Belarriprestak ere ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik.

Ikerketa. Behin euskaraldia amaituta, ikerketa bat egingo da hizkuntza ohiturak zenbateraino aldatu diren jakiteko. Hala, parte hartzaileei hiru galdetegi pasako zaizkie eta ekimena hasi aurretik, ekimenak iraun duen bitartean eta Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetetara izan dituzten hizkuntza ohiturei buruz galdetuko zaie. Galdetegi horietatik hainbat ondorio aterako dituzte eta, hala, jakin ahal izango da leku bakoitzeko herritarrek zenbateraino aldatu dituzten beren hizkuntza ohiturak.