Atzealdea

Bilbora joan da 2019ko Euspoteko sari nagusia

Bilbora joan da 2019ko Euspoteko sari nagusia

Bost kategoriatan banatu dira sariak Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egindako ekitaldian. Guztira 98 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino 25 gehiago.

-ren irudia Bilbora joan da 2019ko Euspoteko sari nagusia

Banatu dira 2019ko Euspot sariak eta Bizkaira joan da aurtengo lehen saria: Gorputza ON, buruari ON. Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte aurten, guztira 98 eta Euskal Herriko txoko askotatik jaso dira gainera, besteak beste, Hernani, Gasteiz, Donostia, Tutera, Bilbo, Aretxabaleta, Hondarribia, Bergara, Ondarroa... Sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izan da eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabal izan da sari banaketan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean.

Aurtengo edizioaren gaia "Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!" izan da eta bizitza aktiboak eskaintzen dituen onura fisiko, psikologiko eta sozialen gaia lantzea izan da helburua. Izan ere, bizitza aktiboa izateak osasun hobea izaten eta hobeto sentitzen laguntzen du eta pertsona inaktiboak kontzientziatu eta gehiago mugitzera animatu nahi izan da horrela.

Guztira bost sari banatu dira, maila desberdinetan:

Spotik onena: Gorputza ON, buruari ON
Egileak: Jabi Jubera eta Irati Agirreazkuenaga

Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena: Piztu Bizitza    
Egileak: Maria Garcia, Maider Donoso eta Aitzol Zubizarreta.

BHKlip saria: Ez zaitez aldrebestu, mugitu eta bizi!
Egilea: Oihan Loiti

Musika sinkronizazio onenaren saria: Irabaz ezazu partida.
Egileak: Leire Lezeta, Garazi Iglesias eta Malen Jurado.

Publikoaren saria: Nahi baduzu, ahal duzu. 
Egileak: Andoni Martinez de Madina, Julen de la Serna, Eneko Ruiz de Azua eta Ibai Lopez.

 

Publikoaren saria. Publikoaren sarirako 2.000 bototik gora jaso dituzte bost egunetan eta kontuan hartzeko kopurua da hori. Gainera, nabarmentzekoa da aurten Facebook eta Instagramen zozketa bat ere egin dela eta 1.200 pertsona baino gehiagok hartu dutela parte. Gopro Hero akzio kamera bat zozketatu da eta irabazlea Maider Donoso izan da.

Sarituak saritu, orokorrean aurten aurkeztu diren spoten maila ona izan da epaimahaiaren ustez eta horrek lehiaketaren arrakasta agerian uzten  du. Euspoten ibilbidea 2012an hasi zen eta orduan 9 spot besterik ez ziren jaso, baina urtez urte goranzko joera izan du eta aurten ia 98 spot aurkeztu dituzte, iaz baino 25 gehiago. Spot guztiak hemen daude ikusgai. 

Partaidetza zabala. Aurtengo edizioa berrikkuntza ugarirekin iritsi da. Harrobi lan horretan indartsu ekin dio antolakuntzak, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko hamaika saio eman dituzte ikastetxe zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Hala, edizio honetan esfortzu berezia egin da sustapenean eta ahalegin berezia egin da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzeko.