Banatu dituzte 2017ko Hausnartu sariak, Baionan

Urko Ikardok jaso du lehenengo saria "Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean" lanagatik

-ren irudia
 Banatu dituzte 2017ko Hausnartu sariak, Baionan

2017ko Hausnartu sariak banatu dituzte Baionan eta hiru irabazleek (Urko Ikardok, Jon Ander Koartangok eta Garikoitz Goikoetxeak) beren lanen aurkezpena egiteko aukera izan dute. Ikerketetan oinarritutako eta soziolinguistikaren inguruko lanak saritzen ditu Soziolinguistika Klusterrak Hausnartu sarietan eta, bide batez, euskara eta gizartea bere baitan hartzen dituzten lanak ezagutzera ematen dituzte.

Urko Ikardok "Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean" lanarengatik irabazi du lehenengo saria. Euskarak beherakada nabarmena jasan duen eremu batean kokatu du bere lana, Lapurdiko kostaldean, eta euskararen aldekoa ez den testuinguru horretan guraso erdaldunek euskararen aldeko apustua zergatik egiten duten aztertu nahi izan du. Adierazi duenez, lana burutzeko hamasei pertsona elkarrizketatu ditu, profil eta jatorri desberdinetakoak, baina guztiek beren seme-alabak ikastoletan matrikulatzeko erabakia hartua dutenak. Hala, guraso horien erabakia hizkuntza sozializazioaren hurbilpen teorikoaren baitan kokatu du eta haien hizkuntza biografiak baliatu ditu euskararekiko duten jarrera hori sakonago aztertzeko. Hori horrela, ikastolen aldeko hautua pertsonala izan arren, nagusiki jarrera horren atzean hiru arrazoi daudela aipatu du: identitatea, integrazioa eta balio praktikoa.

Jon Ander Koartangok "Euskararen Ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean" lanagatik jaso du bigarren saria eta euskararen ofizialtasunaren eta legearen inguruko azterlana egin du. Horretarako, indarrean dauden legeak eta Espainiako auzitegi desberdinek emandako ebazpenak aztertzeaz gain, horiek dituzten ondorioak modu ulergarri eta errazean aurkeztu ditu. Hori horrela, bere lana hiru mailatan banatu du: batetik, EAEko eta hizkuntza gutxituak dituzten Espainiako beste erkidegoetako legedien antzekotasun eta ezberdintasunak landu ditu; bigarrenik, zerbitzu-hizkuntzaren gainean langile publiko elebidunen betebeharrak zein diren aztertu du eta; hirugarrenik, lan hizkuntzaren esparruan langile publiko elebidunak euskara erabiltzera behartzeko momentuan dauden mugak eta ñabardurak zein diren azaldu du.

Garikoitz Goikoetxea izan da hirugarren saritua "Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean" lanarengatik. Aipatu duenez, Tolosaldean dago Euskal Herriko euskal hedabideen eskaintza oparoenetakoa, izan ere, bailara horretan hedabide nazionalen eskaintza osoaz gain, bertako prentsa, irratia eta telebista ere badaude. Halaber, Tolosaldean euskararen egoera osasuntsua da, bailarako 28 herrietan %60tik gorako ezagutza baitago eta erabilera datuak ere onak baitira. Hala, testuinguru hori kontuan hartuta, euskarazko hedabideen kontsumoaren argazkia egin nahi izan du lan horretan eta gogoetarako bidea zabaldu du. Bereziki gazteen kontsumoa aztertu du, izan ere, haiena da adin talderik euskaldunena, nahiz eta askotan, haiei buruz modu ezkorrean hitz egin.

BAT aldizkaria. BAT aldizkariaren 105. alea Hausnartu sariari eskaini diote bere osotasunean eta hiru sarituen lanez gain, aipamen berezia jaso duten beste bi ikerketa ere argitaratu dituzte: Eneko Oiarzabalen "Zenbat denbora bizi ote gara euskaraz? Hizkuntza-erabilera neurtzeko ikuspegi berri bat" lana eta Leticia Garcia, Nekane Arratibel eta Asier Irizarren "Euskararen ezagutza eta erabilera binomioa: Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko 1. mailako ikasleak eta ulertzeko gakoak" lana. 

Hausnartu sarien X. edizio honetara 15 lan aurkeztu dira eta euskararen gaia oso ikuspegi desberdinetatik landu dute: soziolinguistika, hizkuntzalaritza, psikologia, antropologia, komunikazio zientziak... Ikerketa eta hausnarketa lanen maila ona izan da orokorrean eta egileek egindako ekarpena eskertu nahi izan du Soziolinguistika Klusterrak. Hausnartu saria Soziolinguistika Klusterrak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.