Banatu dituzte 2019ko Tokikom sariak

Sari banaketaz gain, hainbat hitzaldi izan dira eta albiste faltsu eta zurrumurruen inguruko hainbat hitzaldi izan dira. Sari banaketa Basauriko Ibaigane kultur etxean izan da.

-ren irudia
 Banatu dituzte 2019ko Tokikom sariak

2019ko Tokikom sariak banatu ditu elkarteak, euskarazko tokiko hedabideen sarea trinkotu eta sendotzeko. Aurtengoan, gainera, ohiko hiru sariak banatzeaz gain, bi aipamen berezi ere egin nahi izan ditu epaimahaiak, "sektorea bizitzen ari den kalitatezko loraldi" honetan kalitatezko eduki asko sortzen ari baitira.  Tokikomek 29 bazkide ditu bere baitan eta, orotara, 66 komunikabide kudeatzen ditu. 

Hona banatu dituzten sari eta aipamenak:

- Azalik onenaren saria: Debagoienako komunikazio taldea. Gizakiak ingurumenean duen eragina islatzeko egindako "Antropozenoa" izeneko portadarengatik jaso dute saria. Hemen azala ikusgai. 
- Eduki onenaren saria: Kronika aldizkaria. "Urik gabeko urtegi, orain laborategi" erreportajearengatik jaso dute saria. Artikutza urtegia hustu eta basa bizitza nola nagusitzen ari den aztertu dute erreportaje horretan. Hemen erreportajea ikusgai. 
- Ikus-entzunezko onenaren saria: Goiena komunikazio taldea. "Debagoiena eraldatzen" erreportaje sortagatik irabazi dute saria. Hemen erreportajeak ikusgai. 
- Aipamen berezia I: Hiruka. Bayandalai izeneko argazki erreportajeagatik eskuratu dute aipamena. Hemen erreportajea ikusgai (17. orritik aurrera) 
- Aipamen berezia II: "Anboto" aldizkariak martxoaren 31rako egindako azalarengatik jaso dute saria. Hemen azala ikusgai. 

Jardunaldia. Sari emate ekitaldian Tokikomen baitako hainbat eragile elkartu dira eta gaurkotasuna duten zenbait gairi buruz hitz egin eta hausnartzeko baliatu dute jardunaldia. Izan ere, puri-purian dauden hainbat gai proposatu dituzte, besteak beste, albiste eta informazio faltsuena eta komunikabide  desberdinek gizartean duten rolarena. Gai horien inguruko aurkezpenak eta hitzaldiak izan dira goizean zehar.

Laura del Riok, Maldito Buloko koordinatzaileak, albiste faltsuen inguruan jardun du eta horiek gezurtatzeko dagoen elkartearen berri eman du. Adierazi duenez, egia ez diren hamaika albiste plazaratzen dira sare sozialen bidez eta horiek kontrolatzea oso zaila da. Hala, elkartetik zuzenean detektatzen dituzten edota elkartera bidaltzen dizkieten hainbat informazio benetan horrela diren egiaztatzen jarduten dute Maldito Bulon. Hori horrela, albiste faltsuak sortzeko arrazoiak asko izan daitezkeela nabarmendu du, baina nagusiki zurrumurruak sortu eta alde baterako edo besterako iritziak sortzeko asmo eta motibazioa egoten dela iritzi dio. 

Ildo beretik mintzatu da Hernaniko Udaleko Parekidetasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Saileko arduradun tekniko Irantzu Jauregi ere. Haren esanetan, zurrumurruak ez datoz beti  errealitatearekin bat eta uste oker horiek pisu handia hartzen dute gizartean. Izan ere, uste oker horietan diskurtsoak eraikitzeko arriskua izaten da eta baita erabat okerrak izan daitezkeen pertzepzioak zabaltzekoa ere.

Azkenik, Euskaltzaleen Topaguneko Mikel Ozaitak euskalgintzaren ikuspegitik landu du gaia. Usteak eta errealitatea zaindu beharreko kontuak direla adierazi du eta, zentzu horretan, tokiko hedabideetan informazio eta komunikazioak kaleratzen direnean, esfortzu berezia izan beharko litzateke kaleratutakoak eraikitzaileak ote diren ziurtatzeko.

Hiru kasu praktiko. Ondoren, informazio faltsuaren edota tokiko komunikabide hurbilen inguruko hiru aurkezpen praktiko egon ziren. Tokiko komunikabideek hedabide handiek lantzen ez duten modu batean landu behar izaten dute informazioa, bakoitzak bere esparrua eta lan egiteko modua izan behar baitu. Hona plazaratu nahi izan dituzten hiru adibide:

- Geuria. Basaurin ustez sexuarekin loturiko gehiegikeriak egiten zituen entrenatzaile baten biktimak izandako hainbat herritarren lekukotzak jaso dituzte dokumental batzuetan. Ustezko erasotzailea ezaguna da herrian eta, baita biktimak ere. Beraz, gaia kontu handiz landu dute hedabidetik eta jakin-min handia piztu du herrian. Esan gabe doa, zailtasunak zailtasun, guztia euskaraz landu dutela. Kontua oraindik epaitegietan dago.
- Aiurri. 2018ko Eguberrietan Andoainen Baltasar erregeak udaletxeko balkoitik esandako "Gurasoak erregeak dira" esaldiaren inguruan sortutako zalapartaren baitan izandako bizipenak azaldu ditu. Adierazi dutenez, Aiurrik gaiari zuzenean heldu eta kontua baretzen saiatu zen, beste zenbait hedabidek egin ez duten bezala. Erakutsitako hurbiltasun hori asko eskertu zuten herrian eta gai horretan erabateko erreferentzialtasuna lortu zuen Aiurrik.
- Kronika.Hernaniko aldizkarian herritarrek sinatutako testuak argitaratzen dituzten atal bat daukate eta, behin, herritar baten izen-abizen faltsuak zeramatzan testu bat argitaratu zuten. Testua oso erasokorra zen eta gerora jakin zuten herritar horren izen-abizenak ez zirela benetakoak. Ondorioz, geroztik kontrol handiagoa ezarri dute atal horretarako.