Atzealdea

Banatu dituzte Iñaki Arregiren baitako bi bekak

Banatu dituzte Iñaki Arregiren baitako bi bekak

Udalerri euskaldunetako erdaldunen inguruko ikerketa izan da irabazleetako bat eta tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko markoa proposatzen duena bestea. Bederatzi hilabeteko epean egin beharko dituzte bi ikerketak

-ren irudia Banatu dituzte Iñaki Arregiren baitako bi bekak

Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako taldeak eta Joseba Garmendiak irabazi dituzte Iñaki Arregiren baitako bi bekak. Lehenengo taldeak "Herri euskaldunetako erdualdunekin hizketan: UEMAko udalerrietako erdaldunek euskararekiko dituzten gogoetei buruzko ikerketa" lanari esker jaso du laguntza eta Joseba Garmendiak, aldiz, "Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia" lanari esker. Irabazleek 5.000 euroko saria jaso dute eta bederatzi hilabete izango dituzte beren ikerketak egiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundian egin den prentsaurrekoan eman dute irabazleen berri eta Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, diruz lagunduko dituzten ikerketa horiek oso lagungarriak izango dira arnasguneen beharrak gertuagotik ezagutzeko. Euskararen biziberritzean ikerketa ere behar dugu nahitaez, eta horretara dator beka hau. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UEMAren arteko elkarlanaren alde lan handia egin zuen Iñaki Arregik, eta beka honek bere izena izatea poztekoa da, ikerketa eta elkarlana uztartzen dituelako”. Bekaren baitan lankidetzan aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, UEMA, Kontseilua eta UEU.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gogoratu duen moduan, “udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ginen iaz hainbat erakunde eta eragile, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu genituen". Ildo horri jarraiki eta oinarri horiek aintzat saritutako diren lanek, udalerri euskaldunak garatu ahal izateko ekimen zehatzak jarriko dituzte denen eskura eta hori da, hain zuzen, bilatzen dena, udalerri euskaldunak garatzeko balioko duten proiektu praktikoak. "Oinarriak maila teorikotik praktikora ekarriko ditugu, udalerri euskaldunak garatzeko moduak zabalduz”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Koordinazio zuzendari Josune Zabalak, berriz, udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskararen biziberritzean eta normalizazioan duten garrantzia nabarmendu du. Horren jakitun, euskararen erabilera sustatu nahian herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko egiten ari den lana ekarri du gogora: “Hainbat erakunderen artean abiarazi dugun Arnasa Gara kanpaina da horren lekuko. Ildo bereran, eta arnasguneen garrantziari buruzko hausnarketa eta ekimenen baitan, bidean naturalki heldu den beste urrats bat da Iñaki Arregi ikerketa beka, arnasguneak garatzeko proposamen praktikoak bildu nahian”.

Zentzu berean mintzatu da Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere eta Iñaki Arregi beka arnasguneen garrantziaren inguruan egindako bidea sendotzeko eta aurrera egiteko pauso pauso dela adierazi du. “Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan, udalerri euskaldunak berariaz zaintzeko eta babesteko beharra ikusi genuen duela zenbait urte. Orain, beste urrats bat da hau, udalerri euskaldunak babesteaz gain, nola garatu behar diren ere praktikoki ikusteko. Horrelako ikerketak eta ekarpenak behar dituzte arnasguneek, eta horrelako beka bat merezi zuen Iñaki Arregik ere”

IRABAZLEAK 

Herri euskaldunetako erdaldunekin hizketan: UEMAko udalerrietako erdaldunek euskararekiko dituzten gogoetei buruzko ikerketa. 
Egileak:
Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa-taldea.
Ikerketa-gaia: Uudalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko herritar erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko.
Helburuak: Ikerketa honen helburu nagusia honakoa da: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko herritar erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko (zein espaziotan sozializatzen duten, zein pertsona-talderekin duten harremana egunerokotasunean, hizkuntza desberdinen artean egiten duten kudeaketa kontziente eta inkontzientea, euskarak beren bizitzan duen presentzia eta bere inguruan duten iruditeria…) eta euskararekiko dituzten beharrak, mugak eta aukerak identifikatzea.
Dena dela, helburu nagusi horren baitan, hiru helburu zehatz ere baditu ikerlanak:
1. 
Udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko pertsonen migrazio prozesua aztertzea UEMAko herrian kokatu diren arte eta egungo errealitate soziala ezagutzea: dituzten harreman-sareak (herrian eta herritik kanpo), egoera sozioekonomikoa eta laborala, beren egunerokotasuneko ezaugarriak eta dinamikak.
2.
Zein hizkuntzekin duten harremana aztertzea: zein hizkuntza erabiltzen dituzte egunerokotasunean, xede-taldearen edo espazioaren arabera egiten dituzten -edo ez dituzten- aldaketak, hizkuntzekin lotuta dituzten beharrak eta iritziak.
3.
Zehazki euskararekin duten harremana aztertzea: beren bizitzan duen lekua eta eragina, euskararen inguruan izan dituzten bizipenak, beharrak eta duten imajinarioa, belaunaldi desberdinak dauden kasuetan (seme-alabak, aiton-amonak…) bakoitzak euskararekiko duen harremanak dituen ezaugarriak eta belaunaldien arteko loturak eta hausturak. Udalerri euskaldunetako erdaldunen beharrak zehazki ezagututa, kolektibo horri ondo egokitzen zaizkion esku-hartzeak eta aurrera begirako lan-ildoak diseinatzeko gakoak identifikatzea, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen bideragarriak eta zehatzak bilduta.

Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia. 
Egilea: 
Joseba Mikel Garmendia 
Ikerketa-gaiatokiko garapen estrategiak eraikitzen izandako esperientzia eta gaiari buruzko akademiaren literatura iturburu hartuta, herri zein eskualde eskalatan garapen endogenoko estrategiak abian jartzea eta eraikitzeko oinarria eskaintzea.
Helburuak“Ikerketa honen helburu nagusia, eskala lokalean baliagarria izango den garapen endogenorako eredu kontzeptual sistemikoa eskaintzea da. Eredu honi ‘garapen endogenorako tokiko sistema’ deituko diogu eta honako dimentsio hauek barneratuko ditu: sistemaren osatzaile diren eragile eta antolakuntzen arteko harremanak, beraien arteko interdependentzia graduak, prozesu esanguratsuak, eta bere oinarrizko egitura eta inguruarekiko bere berezitasuna birproduzitzeko sistemaren ahalmena (eta zailtasunak).
Eredu kontzeptual honen bitartez arestian aipaturiko asegabetasun horiei aurre egiten saiatuko da lana. Zentzu honetan izaera sistemiko barneratu nahi du; garapen esperientzietan berrikuntza prozesuez gain beste prozesu gakoak identifikatu nahi dira eta horretarako berrikuntzaren kontzeptuaren definizio hertsia erabiliko du; tokiko eskala erregio-eskalatik substantiboki ezberdinduko du; garapen prozesuen dimentsio anizkoitzak barneratu nahi ditu eta gizarte fenomeno osotzat hartu; eta azterketa diakronikoak egin nahi dira, genesi eta heldutasun aurreko faseen azterketan sakonduz”.