Berrikuntza soziala, elkarlana, Euskaraldia... Edukiz beteta dator 2019ko Udaltop

Asier Odriozola izango da aurtengo edizioko aurkezlea eta, besteak beste, lankidetza formula berriak, euskalgintzaren XXI. mendeko baloreak edota etorkizuneko ikuspegiak izango dituzte hizpide. Jardunaldiak maiatzaren 16 eta 17an izango dira, baina izen emateko epea maiatzaren 3an bukatuko da.

-ren irudia
 Berrikuntza soziala, elkarlana, Euskaraldia... Edukiz beteta dator 2019ko Udaltop

Gero eta xehetasun gehiago ezagutzen dira 2019ko Udaltopen inguruan eta pixkanaka argitzen ari da gaiak, partaideak eta dinamikak zein izango diren. "Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?" izango da izenburua eta, beraz, jakina da aurtengoan eragile sozialen eta publikoen arteko lankidetzak izango duela zentralitatea. 

Jardunaldiak maiatzaren 16an eta 17an izango izango dira eta dagoeneko bi egunetako egitaraua kontsulta daiteke. Asier Odriozola kazetariari egokituko zaizkio aurkezle lanak eta berak emango die sarrera gonbidatuei, besteak beste, EHUko ikerlari eta irasle Mario Zubiagari, Errota fundazioko kide Iratxe Goikoetxeari, EHUko irakasle Iñigo Urrutiari edota Mondragon Unibertsitateko irakasle Eneko Bidegaini, besteak beste. Hala, landuko diren gaien artean elkarlana eta etorkizunerako ikuspegia nagusituko dira eta hitzaldietan behin eta berriz errepikatuko dira hizkuntza komunitatea indartzen saiatzeko ideiak: Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntza) komunitatea; Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrian bila; zein izan behar dira euskalgintzaren baloreak XXI. mendean; Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake?...

Horiek horrela, jardunaldian berrikuntza sozialerako plataforma bat ere diseinatzen saiatuko dira eta hori, funtsean, eragile publikoen eta ekintzaile sozialen arteko lankidetza esparru antolatu baten diseinua litzateke, oinarri metodologiko jakin batzuetatik abiatzen dena. Azken batean, Euskaraldiaren antolamenduan herriz herri sortu diren eredu mistoei begira jartzeko ariketa izango da eta Emun aholkularitza arduratuko da horren inguruko hausnarketa dinamizatzeaz.

Horrekin guztiarekin, beraz, hitzaldiak eta lanketak izango dira bi egunetan zehar eta bukaeran Zirika Zirkus taldeko Pantxika Lamourrek umore ukitua emango dio egitarauari. Dena den, Lamourrek ez du bere saioaren aurrerapenik egin nahi izan, bere saioa sorpresaz beterik egongo baita. 

Antolatzaileak. Aurtengo edizioaren beste berrikuntzetako bat antolatzaileak ere badira, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten antolamendu batzordera Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira. Hala, lankidetza hori goraipatuz, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estitxu Alkortak lankidetzak euskararen aldeko dinamikak indartu egiten dituela adierazi zuen aurkezpen ekitaldian. "Erakundeen arteko lankidetza behar-beharrezkoa da, horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen ari gara euskararen eremu osoan, beti ere leku bakoitzaren errealitatea errespetatuz".

Izen-ematea. Udaltop maiatzaren 16an eta 17an izango da eta maiatzaren 3ra arte eman ahalko da izena. Izen-ematea 65 € dira eta jardunaldiak Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango dira. Informazio gehiago www.udaltop.eus webgunean.