EAEko udalek euskara hutsean funtzionatu ahal izango dute

Euskadiko Tokiko Erakundeen Legearen garapena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak eta, lege horren arabera, udalak euskara hutsez aritu ahal izango dira, euskararen aldeko neurriak sustatuta eta herritarrekiko zerbitzu hizkuntza errespetatua

-ren irudia
 EAEko udalek euskara hutsean funtzionatu ahal izango dute

EAEko udalek euskara hutsez funtzionatu ahal izateko babes legala eskainiko du Euskadiko Tokiko Erakundeen Legeak. Izan ere, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa normaltasunez eta modu orokortuan erabiltzeko aukera arautzen du eta, ondorioz,  legez hizkuntza ofizial bakarrean funtzionatzeko atea ireki egiten du. Legearen helburua hizkuntza eskubideen esparruan benetako berdintasuna lortzea eta euskararen erabilera toki erakundeen bizitzaren eremu guztietara zabaltzea da. Dekretuaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak egin dute.

Hori horrela, aurrerantzean udal bakoitzak euskara hutsean aritzeko erabakia hartu ahal izango du, betiere kontuan hartuta erabaki horrek udal bakoitzaren eremu geografikoko errealitate soziolinguistikoarekin bat etorri behar duela eta, euskara plan baten bidez, hizkuntza berdintasunaren aldeko neurriak sustatu behar direla jasotzen duela dekretuak. Horrek bide emango du orain arteko zenbait muga gainditzeko eta, beraz, udalek euskararen aldeko ekintzak, erabilera irizpideak, euskara lehenesteko neurriak... txertatu ahal izango dituzte legearen erabateko babesean.

Lan eta zerbitzu hizkuntza. Udal bakoitzak bere erritmoa eta errealitatea izango du, baina euskararen normalizazioa izan beharko dute iparrorratz. Hala, legeak lan hizkuntzan eragiteko aukera ematen du, izan ere, besteak beste, 3. eta 4. hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan lan hizkuntza euskara izatea ezarri ahal izango dute eta, hein berean, erakundeen arteko harremanetan euskara hutsezko dokumentuak bidali ahal izango dizkiote elkarri. Gainera, langileei ez ezik, hautetsiei ere euskara ikasteko aukera jartzea aurreikusten da, izan ere, errealitatean kargu politikoen jardunak asko baldintzatzen du euskaraz funtzionatu ahal izatea eta esparru horretan ere eragiteko bidea ezarri du. 

Zerbitzu hizkuntzari dagokionez, toki administrazioek erabat errespetatu behar dute herritarren hizkuntza hautua eta udalek behar diren neurriak hartuko dituzte hautu hori "inolako diskriminaziorik gabe" berma dadin. Erkorekaren arabera, "udal batek euskaraz bildu, euskaraz adostu eta euskaraz jakinarazi eta komunika dezake, baina herritarren eskura eduki behar du akordio horren gaztelaniazko bertsioa".

Horrez gain, tokiko erakundearen izenean zerbitzuak ematen dituzten enpresen kasuan, zerbitzua erakundeak berak emango balu bezala izango da eta, besteak beste, enpresa horrek hizkuntza betebeharrak ere izango ditu. Hala, hori berma dadin, hizkuntzari lotutako klausulak txertatu beharko dituzte kontratazioetan.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE). Dekretuan jasotzen denez, hizkuntzan eragina duten plan eta proiektuak ebaluatu beharko dira, izan publiko nahiz pribatu, eta ebaluazio horietan hizkuntzari eragiten dioten ala ez jasoko da. Aztertuko diren plan eta proiektuak oso esparru ezberdinetakoak izango dira: hirigintza, turismo, kirol, gazteria... ELE egiteko eskumena udalarena izango da eta plan eta proiektuei neurri zuzentzaileak ezarri ahal izango dizkie. Arnasguneen kasuan, gainera, plan guztiak aztertu beharko dira.