EMUN aholkularitza enpresa bisitatu du Aldundiak

Euskara eta berrikuntza sozialean aritzen da EMUN eta bisitarekin Aldundiak hurbilagotik ezagutu nahi izan du aholkularitzaren jarduna.

-ren irudia
 EMUN aholkularitza enpresa bisitatu du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok EMUN aholkularitza enpresa bisitatu du eta euskararen eta berrikuntza sozialaren alorrean nola lan egiten duten ezagutu du bertatik bertara. Euskara eta hizkuntza kudeaketa, kultura, aniztasuna eta parte hartzearen inguruko aholkularitza zerbitzuak ematen ditu EMUNek eta denetariko erakundeetan aritzen da lanean, tartean Gipuzkoako Foru Aldundian. Markel Olanorekin batera, han izan dira Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, lanpostu berean aritutako Mikel Irizar eta EMUNeko ordezkari Olatz Olaso, Amaia Balda eta Eider Alustiza. 

EMUNek euskararen eta euskal gizartearen garapena bilatzen du, berrikuntza soziala eta euskal kultura erdigunean jarrita. Hala, Aldundiak egindako bisitan, euskalgintzaren eta Gipuzkoaren etorkizunaren inguruan aritu dira eta erakundearen estrategian euskarak izan beharko lukeen trataera aipatu dute. Zentzu horretan, Aldundiko Hizkuntza Berdintasunek Zuzendaritzak euskalgintzarekin batera egindako Euskalgintzako Berrikuntza Palankak izeneko partaidetza prozesua izan dute hizpide, bai eta Aldundiak euskalgintzarekin hartutako konpromisoak ere. Partaidetza prozesu horretan, euskalgintzak Gipuzkoarentzat estrategikoak izan daitezkeen zazpi proposamen egin dizkio Aldundiari eta erakundeak, modu batera edo bestera, proposamen horiek garatzeko konpromisoa hartu du.