Erasmus +, hizkuntza gutxituei buruz hausnartzeko egonaldiak

Gazteei zuzenduta dago eta Euskal Herriko eta Irlandako 32 gaztek hartuko dute parte proiektuan. Bi egonaldi egingo dituzte, bata Irlandan eta Euskal Herrian bestea, eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuen inguruko lanketa egingo dute.

-ren irudia
 Erasmus +, hizkuntza gutxituei buruz hausnartzeko egonaldiak

Jakina da Europan gutxitutako hizkuntza asko hitz egiten direla eta horiek biziberritzeko ahaleginak ere hamaika dira. Hala, Europar Batasunaren testuinguruan, hizkuntza gutxituei buruzko egonaldiak antolatu dituzte hainbat euskal erakundek eta zortzi gazte irlandar eta hogeita lau gazte euskaldunek Erasmus + izeneko proiektuan parte hartuko dute. Proiektu horren helburua gazteak Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikusaraztea eta elkarrekin Europako herritartasuna eraikitzea da.

Izan ere, Europan milaka herritar dira egoera diglosikoetan bizi direnak eta Erasmus + proiektuaren bidez, beste hizkuntza gutxitu bateko gazteen eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izango dute. Hori, gainera, aisialdi jardueretan parte hartuz egingo dute.

Proiektuaren baitan hiru atal izango dira:

      1. Lehenengoa, iraila-urrian. Topaketa bat egingo da proiektuan parte hartuko duten gazte euskaldunen artean eta haiek elkar ezagutzeko baliatuko da.

      2. Bigarrena, urria-azaroan. Hau izango da lehenengo egonaldia eta Irlandan egingo da. Gaelikoaren egoera ezagutzeko eta Irlandako gazteek egoera diglosikoa nola bizi duten hurbilagotik ulertzeko baliatuko dute. Egun horietan gazte guztiak egongo dira elkarrekin eta euskaraz eta ingelesez izango dira azalpen eta jarduerak.

      3. Hirugarrena, abenduan. Hau izango da bigarren egonaldia eta Irlandan egindakoaren antzera, Euskal Herrian ibiliko dira 32 gazteak. Astebete pasako dute hemen eta egoera soziolinguistikoa hurbilagotik ezagutzeko baliatuko dute. Egonaldi horretan ere gazte guztiak egongo dira elkarrekin eta azalpen eta jarduerak euskaraz eta ingelesez izango dira.

Tailerrak. Irlandan eta Euskal Herrian egingo dituzten egonaldi horietan hamar tailer egingo dituzte, 5 Irlandan eta 5 Gipuzkoan. Tailer horietan hizkuntza gutxituen gaia landu eta sakonduko dute ikuspuntu ezberdinetatik eta gazteen interesak ere hartuko dituzte kontuan. Hala, behin Irlandako eta Euskal Herriko egonaldiak bukatuta, Euskal Herriko gazteen arteko lanketa berezia egingo dute, haien esperientzia zabal dezaten eta beren inguruetan hizkuntza ohiturak aldatzen saia daitezen.

Antolatzaileak. Proiektuaren jatorria Zizurkil eta Elgoibarko gaztelekuetan dago, han ikusi baitzuten Europako gazte trukaketa proiektu bat lantzeko beharra. Izan ere, hizkuntza gutxituetako gazteak kontzientziatu nahi dituzte eta hizkuntza horien erabileraren garrantziaz ohartarazi, betiere aisialdi testuinguru batean kokatuta. Hala, proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zizurkil eta Elgoibarko udalek eta Donibane Garaziko Nafarroako lizeoak antolatu dute, Irlandarekin elkarlanean.