Erasmus Pluseko partaideen lehenengo egonaldia, Irlandan

Hizkuntza gutxituen inguruko proiektuan parte hartzen ari dira Zizurkilgo, Elgoibarko, Donibane Garaziko eta Galwaiko (Irlanda) 32 gazte. Urriaren 28tik azaroaren 4ra egon dira Irlandan.

-ren irudia
 Erasmus Pluseko partaideen lehenengo egonaldia, Irlandan

Erasmus Plusen baitan hizkuntza gutxituen inguruko lanketa egiten ari dira Zizurkilgo, Elgoibarko, Donibane Garaziko eta Galwaiko (Irlanda) 32 gazte eta dagoeneko egin dute Irlandako egonaldia. Urriaren 28tik azaroaren 4ra arte ibili dira han eta gaelikoaren inguruko informazio eta formazioa jaso dute astebetez. Besteak beste, gaelikoa egoera hobean dagoen Gaeltach eremua bisitatu dute, TG4 telebistan egon dira, hainbat joko tradizional ezagutu dituzte... Partaideak kontent aritu dira eta lehenengo egonaldiaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. Parte hartzaileek blog bat egin dute beren bizipenekin.

Hizkuntza gutxituen inguruko egonaldi hauek Europa mailako Erasmus Plus dirulaguntzaren testuinguruan antolatu dira eta nazioarteko lankidetzaren baitan kokatu behar da egitasmoa. Helburua gazteek hizkuntzekiko duten ikuspegi kritikoa lantzea, hizkuntzen errealitatea ezagutzea eta gutxitutako hizkuntzetako hiztun gazteen arteko harremanak sustatzea dira eta, horretarako, oso garrantzitsua da gazteak, euskara eta ahalduntzea erdigunean jartzea. Proiektu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Zizurkilgo eta Elgoibarko udalak, Donibane Garaziko Navarre lizeoa eta Irlandako Muintearas Teo elkartea ari dira parte hartzen.

Hurrengo egonaldia abenduaren 2tik 9ra izango da eta gazteak astebetez ibiliko dira Euskal Herrian barrena. Egun horietan euskararen inguruko formakuntza jasoko dute, hainbat bisita eta soziolinguistikaren inguruko hitzaldien bidez. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2deo, Erreala eta Mondragon unibertsitatea bisitatuko dituzte eta Kike Amonarrizen, Beñat Garayoren edota Iñaki Eizmendiren hitzaldiak entzungo dituzte.