Errenta kanpainan, aukeratu euskara harremanetarako hizkuntza

Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanak euskaraz izan ditzakete herritarrek eta eskaera hori egiteko une egokia izan daiteke errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina. 2021ean 83.100 herritarrek egina zuten hizkuntza hautu hori eta helburua 2023rako 100.000 herritar inguru izatea da.

-ren irudia
 Errenta kanpainan, aukeratu euskara harremanetarako hizkuntza

Errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina une egokia da euskara Ogasunarekiko harremanetarako hizkuntza moduan aukeratu eta aitorpena euskaraz aurkezteko.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Ogasunak gizarte garapenari egiten dion ekarpen nagusietako bat bere zerbitzuak kalitatez ematea da. Horri jarraituz, Ogasunak arreta bikain eman nahi du herritarren aukerako hizkuntzan.

2021ean Gipuzkoan 83.100etik gorako herritarrek euskara aukeratuta zeukaten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetan aritzeko. Ogasunaren helburua da 2023. urtean kopuru hori 100.000 pertsona fisiko izatera hurbiltzea. Tamaina horretako euskarazko erabiltzaile multzoa lortzeak zentzua ematen dio azken hamarkadetan herritar, enpresa eta entitateek hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginari.

Errenta aitorpenaren kanpainan hizkuntza aukeratu

Bide hauek erabil daitezke hizkuntza aukera egiteko:

  • Errenta mekanizatuko bulegoak: aitorpena egiten lagunduko duen langileari Ogasun eta Finantza Departamentuarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adieraziz.
  • Autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean.
  • Foru Ogasunaren Zergabidea plataformaren bitartez, errenta aitorpenean sartzean eta errenta aitorpena bidaltzean.
  • Errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adieraziz.

Kanpainatik kanpo hizkuntza aukeratzeko beste modu bat (030 eredua)

Ogasun arloko hiztegia ezagutu