Euskara kirolkide proiektuaren webgunea, klubak eta babesguneak oinarri

Euskara kirolkide proiektuaren webgunea, klubak eta babesguneak oinarri

Euskararen babesgune izatea zer den eta kirol klub batek babesgune izateko zein urrats egin beharko lituzkeen azaltzen da webgunean. Marko teorikoaz gain, neurri guztietako klubetan aplikatzeko moduko tresna bat da proiektuak proposatzen duena, baina azken hori oraindik diseinu fasean dago

-ren irudia
 Euskara kirolkide proiektuaren webgunea, klubak eta babesguneak oinarri

Kirol klubak euskararen babesgune izatea eta hori lortzeko ibilbidea diseinatu eta zabaltzea da Euskara Kirolkide proiektuaren helburu nagusia. Kirola esparru estrategikoa izanik, garrantzitsua da kirol klubetako dinamikak euskarazkoak izatea eta hori lortzen laguntzeko bitartekoak lantzen ari dira proiektuan. Klubetan gazteak, kirola eta euskara nahasten dira eta konbinazio hori oso interesgarria da euskararen normalizaziorako.

Jakina da klubak oso anitzak direla, bai neurriz, diziplinaz eta baita dinamikaz ere, eta, beraz, klubak euskararentzat babesgune izan daitezen lortzeko prozesu horretan, funtsezkoa da errealitate eta premia guztiak asetzeko bokazioa izatea. Hori dela eta, euskaratik ez ezik, kirol mundutik ere egiten ari dira lanketa eta denen ekarpenak jaso dituzte proiektuan.

Hala, orain arte egindako ibilbidearen berri ematen duen webgune bat egin dute publiko: www.euskarakirolkide.eus. Webgune horretan, egindako lana, proposatutako norabidea eta klub desberdinetan ikusitakoa jasotzen da testu, audio eta bideoetan. Labur esanda, babesguneen inguruko marko teorikoa da aurkezten dena eta baita oraindik diseinu fasean dagoen tresna praktikoa ere. Tresna horren bidez, klub batek euskararen babesgune izateko eman beharreko urratsak jasoko dira eta aplikagarritasuna izango du helburu. Tresnaren behin betiko bertsioa izatean zintzilikatuko dute webgunean.

Orain arte egindako ikerketak EAEko sei kirol klubetan egin dira: Bera Bera RT, Gaztedi Rugby Taldea, Gernika Rugby Taldea, Judizmendi Igeriketa Kluba, SD Amorebieta eta UDa Aretxabaleta. Horietatik jasotako informazioan kontrastatu ahal izan da kirol klubak euskararen babesgune izan daitezkeela. Proiektu horretan elkar harturik doaz Soziolinguistika Klusterra, EHU, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.