Atzealdea

Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldia, onartua

Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldia, onartua

2018-2022 urte arteko Aldundiaren jardun linguistikoa arautuko du planak eta, lehen aldiz, partaidetza prozesua egin du Aldundiak langileen ekarpenak planean jaso eta txertatzeko

-ren irudia Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldia, onartua

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera normalizatzeko VI. plangintzaldia onartu du eta, hala, araututa geratu da 2018-2022 urte arteko jardun linguistikoa. Plan horren helburu nagusia lan hizkuntzan aurrera pausoak ematea da, gutxi asko, Aldundiak %100 bermatuta baitauka herritarrei ematen dien euskarazko zerbitzua. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, Aldundiak modu proaktiboan jokatu behar du eta hizkuntza berdintasunaren bidean sakontzen jarraitzeko determinazioa dago. "Guk euskaraz funtzionatuko duen Aldundia nahi dugu eta jarrera aktiboa izango dugu euskara lan hizkuntza nagusia izan dadin".

Olanoren arabera, plangintzak hiru printzipio uztartzen ditu: hizkuntza hautuaren askatasuna, hizkuntza berdintasuna eta justizia soziala. Hizkuntza hautatzeko askatasuna aipatzen denean, herritarrak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko eta hizkuntza horretantxe artatua izateko eskubidea duela esan nahi da.  Hizkuntza berdintasunaren ideiarekin, berriz, euskaraz aritu nahi duenari euskaraz aritzeko baldintzak sortu behar zaizkiola adierazten da eta, zentzu horretan, neurri orekatzaileak sustatuko ditu Aldundiak. Justizia sozialarekin, aldiz, garai batean euskararen kontrako jarrerek sortutako desoreka berdintzeko, orain, baliabideak euskara biziberritzera bideratzea zilegi dela azpimarratzen da. 

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak berriki egindako neurketen arabera, euskara ezagutza maila altua da langileen artean, %80tik gorak baitaki euskara ongi edo oso ongi. Gainera, hizkuntza eskakizunen bat esleituta duten lanpostuetako langileen %80k baino gehiagok dauka dagokion hizkuntza eskakizuna edo altuagoa egiaztatuta. Beraz, oro har, Aldundiko langileriak euskara maila ona du. Alabaina, Olanok ohartarazi du erabilera oraingoz ez dela ezagutza mailaren adinakoa eta hori lan dinamikekin lotuta dagoela. "Ohitura horiek dira aldatzeko bidean jarri nahi ditugunak, betiere, euskaraz funtzionatuko duen erakundea helburu izanik".

Hori horrela, Aldundia proaktibo izango dela nabarmendu du diputatu nagusiak eta euskara lan hizkuntza izan dadin emango dituztela pausoak: euskaraz egin daitekeena euskaraz egitea; bilerak, dokumentuak euskaraz sortzea; prestakuntza euskaraz ematea... "Datozen urteotan Aldundiko langileen ezagutza maila %100era gerturatuko da, langile asko jubilatu egingo direlako eta sartuko diren berriak elebidunak izango direlako. Beraz, euskara lan hizkuntza bihurtu behar dugu, herritarren bizikidetza hobetzeko jomugari eutsi diezaiogun".

Partaidetza prozesua. VI. plangintzaldiak erakundearen barruan ahalik eta babes zabalena izan dezan eta ahalik eta osoena izan dadin, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak partaidetza prozesua egin du. "Planaren ikuspegia, edukiak eta orientabidea gure teknikariekin eztabaidatzeko eta haien ekarpenak jasotzeko helburua izan du partaidetza prozesuak".  Lehenengo aldia izan da euskararen erabilera normalitzateko plan baten idazketa prozesuan partaidetza prozesu bat egiten dena eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez, oso emankorra izan da prozesua. "25 ekarpen jaso ditugu eta horietatik 23 hartu ditugu kontuan plangintza idazteko orduan". Ekarpen horietako batzuk araubidearekin lotutakoak dira; beste batzuk, aldiz, planaren aplikazioarekin erlazionatutakoak. Partaidetza prozesuan 103 langilek, ordezkari politikok eta ordezkari sindikalek hartu dute parte. 

Dena den, partaidetza prozesutik ateratako ekarpenak ez dira soilik planean txertatuta geratuko, izan ere, datozen bost urteetako jardunean jarraipena egitea aurreikusten da. Aldundiak hartutako konpromiso horiei erantzuna emateko asmo irmoa dauka eta, Mendizabalen arabera, partaidetza prozesua ez da bukaera bat izan, prozesu baten hasiera baizik.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak Aldundiaren VI. planari oniritzia eman diola ere nabarmendu du Mendizabalek eta, zentzu horretan, plana norabide onean doala adierazi du. "HPSk erabateko adostasuna eman dio gure planari eta positiboa da lan hizkuntzan pausoak ematea".