Euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak onartu ditu Diputatuen Kontseiluak

2020ko dirulaguntza deialdiak hiru lerro izango ditu eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak kudeatuko ditu. 957.000 euro bideratuko dira lerro horietara.

-ren irudia
 Euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak onartu ditu Diputatuen Kontseiluak

Euskara arloko 2020ko dirulaguntza deialdia onartu du Diputatuen Kontseiluak. Aurtengo deialdian hiru dirulaguntza lerro jasoko dira eta 957.000 euro bideratuko dira lerro horietara, nahiz eta beharrak handiagoak badira, zuzkidura handitzeko aukera egongo den:

  • Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak (elkarteak)
  • Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak (udalak)
  • Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak (IKT eragileak)

Euskara sustatzeko helburuarekin Aldundiak urtez urte bideratzen ditu dirulaguntzak eta, iaz, esaterako, emaitzak honakoak izan ziren.

  • Euskara sustapenarekin lotutako dirulaguntzei esker 151 proiektu finantzatzen lagundu zuen Aldundiak. Guztira 52 elkartek jaso zuten laguntza eta, batez beste, 8.770 eurokoa izan zen laguntza hori.
  • Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planei dagokionez, 71 udalek jaso zuten laguntza eta, batez beste, 5.636 euro jaso zituzten.
  • IKTak erabiliaz edukiak euskaraz hedatzeko proiektuen kasuan, 28 eragilek jaso zituzten laguntzak eta, batez beste, 8.543 eurokoak izan ziren laguntza horiek. 

 

Balorazio ona. Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramaile Eider Mendozak adierazi duenez dirulaguntza lerro horiek eragin positiboa dute gizartean eta helburu ezberdinak lortzen laguntzen dute. "Orokorrean, ekimen horien guztien oso balorazio positiboa egiten dugu eta horregatik izango du aurten dirulaguntza deialdi honek jarraipena". Azpimarratu duenez, gainera, euskararen esparruan legeak betebeharrak ezartzen dizkie herri administrazioei eta, besteak beste, bizitza sozialaren alor guztietan euskararen erabilera sustapena egin behar dute administrazio publikoek. "Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, legeak agindutako sustapen lan hori betetzen du, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei dirulaguntzak emanez". 

Gipuzkoa lurralde euskalduna denez, Aldundiak ere errealitate horrekin bat egin behar duela nabarmendu du Mendozak eta, bere esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitekoa da euskaraz bizi nahi dutenen eskubidearen alde egitea. "Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz". Betiere berdintasunaren ikuspegian sakontzea da helburua eta Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea nahi bada, hizkuntzaren ikuspegia ere aintzat hartu behar dela adierazi du.