Atzealdea

Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreen ikerketa

Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreen ikerketa

Soziolinguistika Klusterrak egin du ikerketa eta udalerri mailako analisia eginik, aldagai soziolinguistikoak eta soziodemografikoak aztertu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza izan dira azterketaren babesle.

-ren irudia Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreen ikerketa

Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreen inguruko hurbilpen estatistiko kuantitatiboa egin du Soziollinguistika Klusterrak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin. Erabilerari buruzko datuak urteetan jaso ditu Soziolinguistika Klusterrak eta orain, ikerketa horrekin, beste urrats bat egin nahi izan dute, hobeto ulertu nahi izan baitute egoera batzuetan erabilerak zergatik egiten duen gora eta beste batzuetan behera. Horretarako izaera ezberdinetako hainbat aldagai aztertu dituzte:

Aldagai soziolinguistikoak:

  • Hizkuntzaren ezagutza
  • Lehen hizkuntza

Aldagai soziodemografikoa:

  • Hezkuntza eredua
  • Biztanleriaren adina
  • Jatorri demografikoa
  • Migrazio saldoa
  • Lan mugikortasuna
  • Udalerriko biztanleriaren tamaina
  • Jaiotza tasa
  • Heriotza tasa
  • Hazkuntza begetatiboa
  • Hezkuntza mugikortasun tamaina
  • Egoera zibila
  • Familia eredua eta tamaina
  • Ikasketa maila
  • Langabezia tasa
  • Establezimenduak
  • Barne Produktu Gordina
  • Errenta
  • Balio Erantsi Gordina
  • Lurraren okupazioa
  • Nekazal lurzoruaren banaketa

Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta EAEko herrietan jarri dute fokoa eta herri horietako kale-erabilera portzentajeak eta etxe giroko erabilera portzentajeak izan dira ikerketaren ardatza. Hori horrela, hainbat ondorio atera dituzte, hemen labur-labur aurkeztutako hauek:

  1. Aldagai soziolinguistikoek eta euskararen erabilerak duten lotura aztertuta, oro har, garrantzia hurrenkera honetan agertzen da, garrantzi handitik txikira: ezagutza, kale erabilera, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera.
     
  2. Euskararen erabilerarekin lotura estuena duten aldagai soziolinguistikoak euskalduntasun kontzeptuarekin lotu daitezkeenak dira. Euskalduntasuna ondoko aldagaiok osatzen dute: gaitasun maila ahoz eta idatziz, lehen hizkuntza dutenen kopurua eta etxeko erabilera. 
     
  3. Udalerrien izaeraren eta pertsonen adinaren arteko alderaketa egin da. Hala, euskalduntasun handiko eta urriko udalerriak kontuan hartuta, bereizgarri nagusietako bat izan da helduen eta adinekoen artean euskararen presentzia zenbatekoa den aztertzea. Udalerri euskaldunagoetan heldu eta adinekoek presenteago dute euskara eta udalerri erdaldunagoetan, aldiz, arrotzago zaie. Gazteen kasuan, ez da hainbeste nabaritzen alde hori, etxetik ez bada, eskolatik jaso baitute gazte askok euskara eta euskal munduaren berri.
     
  4. Oro har, euskararen presentzia indartsuagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.
     
  5. Udalerriak multzokatzea beharrezkoa izan da, izan ere, normalean udalerriak sailkatzeko erabiltzen diren lau gune soziolinguistikoetan jasotzen den informazioa motz gera daiteke benetako errealitate soziolinguistikoa identifikatzeko. Hori dela eta, ezagutzaz gain, lehen hizkuntza, etxeko erabilera eta kale erabilera ere kontuan izan dituzte eta datu horiek adinarekin eta generoarekin gurutzatu dituzte.
     
  6. Eragin-eremu geografikoak eta fluxuak ere aztertu dituzte, izan ere, udalerriak ezin dira modu isolatuan identifikatu eta oso garrantzitsua izan da jatorri-herrien eta xede-herrien arteko harremanak aztertzea. Hala, batetik, herri euskaldunenek herri ez hain euskaldunen eragina jasotzen dutela ikusi dute eta, bestetik, Araba eta Bizkaiaren kasuetan hiriburuek garrantzi handia dutela ondorioztatu dute, Gipuzkoaren kasuan Donostiaren eragin erlatiboa apalagoa da. 
     
  7. Lehen hizkuntaren eta etxeko erabileraren portzentajeak alderatuta, ikusi dute bi datu horien arteko alderik txikienak udalerri euskaldunenetan gertatzen direla eta gainontzeko udalerrietan bi hizkuntzen arteko erabilera nahasiagoa da.
     
  8. Ingurune soziolinguistikoa eta sare efektuari so eginez, ikusi dute euskara lehen hizkuntza dutenek gehiago egiten dutela etxean euskaraz udalerri eudkaldunetan erdaldunetan baino. Hala, euskara beren lehen hizkuntza izan arren, ingurune erdaldunetan zailagoa izaten da euskara etxean erabiltzea eta, beraz, kalearen eragin linguistikoa etxe barruraino iristen dela ondorioztatu dute.
     
  9. Soziodemografiak hizkuntzen erabilerarekin duen lotura ikusteko 400 aldagai inguru aztertu dituzte eta nagusiki bi faktorek eragiten dutela baieztatu dute: populazioaren errentak eta hiri paisaiak. Oro har, euskararen erabilera altuagoa da eraikuntza estentsiboa duten eta errenta ertain-altuan dituzten udalerrietan.
     
  10. Euskararen erabilera eta errentaren arteko lotura aztergai hartuta, errenta altuenak eta baxuenak dituztenak nagusiki gaztelaniara lerratzen direla ikusi dute eta tartean geratzen diren errenta ertain-altuko herritarren artean, aldiz, euskararen indarra handiagoa dela.
     
  11. Lehen hizkuntza gisa euskara edo gaztelania jaso ez duten eta EAEra iritsitako etorkinek, orain artean, ez dute euskararen erabileran halako eragin nabarmenik.

Soziolinguistika Klusterraz gain, soziolinguistikan doktorea den Natxo Sorollak bideratu du azterketa estatistikoa eta lan handia egin du puntu horien identifikazio eta lanketan. Goian aurkeztutako horiek sakonago eta zabalago aztertuta daude albistearen amaieran jasota dagoen ikerketaren dokumentuan eta azpimarragarria da oraindik ere ikerketak aurrera jarraituko duela. Izan ere, aurrera begira azterketa beste ikuspuntu batetik planteatuko dute eta fokoa kualitatiboa egingo dute EAEko lau herritan.