Maiatzaren 17an izango da Euspot lehiaketaren sari banaketa

Inoiz baino spot gehiago jaso ditu Euspot lehiaketak eta kalitateak ere gora egin du azken edizio honetan. Ekitaldia Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean izango da.

-ren irudia
 Maiatzaren 17an izango da Euspot lehiaketaren  sari banaketa

Azken txanpan sartu da 2018ko Euspot lehiaketa eta sari banaketa besterik ez zaio falta edizio arrakastatsu honi amaiera emateko. "Irudi digitala gure bizitzako harremanetan" izan da aurtengo edizioko gaia eta inoiz baino spot gehiago aurkeztu dira lehiaketara, guztira 73. Epaimahaiaren arabera, kopuruak ez ezik, kalitateak ere nabarmen egin du gora, gazte zein helduen kategorian. Lehiaketaren sari banaketa maiatzaren 17an izango da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoa, 19:00etan.

Sormena euskaraz sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. Aurtengo gaiarekin sare sozialen erabileraren inguruko hausnarketa sustatu nahi izan da, sare sozialak gure bizitzako ia esparru guztietara zabaldu baitira eta gainontzekoekin harremanak izateko moduan eragin baitute zuzenean. Hala, nerabe zein helduek sare sozialetan lantzen duten irudi pertsonalari garrantzi handiegia ematen ote dioten eta mundu birtual horretan jasotzen dituzten erantzun, oihartzun eta oniritzi mailari kasu handiegia egiten ote dioten jarri nahi izan dute mahai gainean.

73 spot, inoiz baino gehiago. 2018ko lehiaketa orain arteko arrakastatsuena izan da. Guztira 73 lan aurkeztu dituzte eta Euskal Herriko leku askotatik bidali dituzte spotak: Gasteiz, Irun, Aretxabaleta, Donostia, Zarautz, Arrasate, Bilbo, Andoain, Azkoitia, Viana, Bergara, Eskoriatza, Orozko, Aramaio, Hernani, Legazpi, Pasaia... Aurkeztutako lanen artean, 47 spot izan dira 18 urtetik beherakoek egindakoak eta 26 spot 18 urtetik gorakoek ekoiztutakoak.

Sariak. Sari banaketa ekitaldia irekia izango da eta telebistako bi pertsona ezagunek egingo dituzte aurkezle lanak: Iban Garcia eta Ana Goitia influencerrek. Sariak honakoak izango dira.

  • Spotik onena: 1.000 €
  • MUko ikasleen spotik onena: 500 €
  • Publikoaren saria: 500 €
  • Musika sinkronizazio onenaren saria: 300 €
  • BHKlip saria (14-18 urte): 250 €.

Aurtengo edizioa berrikuntza ugarirekin etorri da. Batetik, musika sinkronizazio onenaren saria banatuko du MusicLibrary-k eta, bestetik, edizio honetan formazioan saiakera berezia egin du antolakuntzak. Harrobi lana egiten saiatu da eta publizitate kanpainak egin ditu ikastetxe eta ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Horrez gain, nabarmentzekoak dira aurten Facebook eta Instagramen egin diren zozketak. Bi Polaroid OneSrep2 kamera zozketatu dituzte eta 1.500 pertsona baino gehiagok hartu dute parte zozketa horretan. Irabazleak Mikel Aspano eta Idoia Garate izan dira. Gainera, Euspot lehiaketak aurten Instagram kontua estreinatu du eta hiru sare sozialen artean bikoiztu egin da jarraitzaile kopurua, guztira 2.000.

2018ko edizio honetara aurkeztu diren spot guztiak hemen daude ikusgai.