Euskara, aniztasuna eta immigrazioari buruz aritu da EHUn Garbiñe Mendizabal

"Immigrazioa eta hizkuntza aniztasuna: harrera integralaren bila" izeneko EHUko udako ikastaroan parte hartu dute jardunean ari den Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari ohi Maribel Vaquerok

-ren irudia
 Euskara, aniztasuna eta immigrazioari buruz aritu da EHUn Garbiñe Mendizabal

Immigrazioa, hizkuntza aniztasuna eta euskara lantzeko udako ikastaroa antolatu du EHUk, Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak eta EHUko irakasle eta soziologo Xabier Aierdik gidatuta. Egitarau oparoa izan da "Immigrazioa eta hizkuntza aniztasuna: harrera integralaren bila" izeneko ikastarokoa eta gaia esparru desberdinetatik landu da: iritsi berrien ikuspuntutik, ikuspuntu soziologikotik, integrazioaren eredu praktikoetatik... Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegi instituzionala eman dute jardunean ari den Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek eta Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari ohi Maribel Vaquerok, "Erronkak lurraldean eta udalerrietan. Harrera integralaren bila. Ikuspegi instituzionala" izeneko mahai inguruan. 

Vaquerok adierazi duenez, azken lau urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak hausnarketa egin du aniztasunaren inguruan eta biraketa estrategikoa eman du. Oraindik hastapenetan egon arren, bizikidetza demokratikorako urratsak egin dira eta erdigunean jarri dira giza eskubideak. Bere iritziz Gipuzkoako gizartean etorri berrien erabateko integrazioa lortu nahi baldin bada, ezinbestekoa da migratzaileei espazioak sortzea eta errespetuan oinarritutako zubiak eraikitzea. Hori dela eta, harrera gidak edo protokoloak egitea udalei badagokie ere, Aldundiak marko orokorra eskaintzeko bizikidetzarako foru plan orokorra onartu zuen 2018an eta udalentzat erabilgarriak izan daitezkeen hainbat jarraibide eta neurri jaso zituzten. Hala, lurralde mailako politika bateratuak egitearen garrantzia azpimarratu du Vaquerok, gero eta pisu handiagoa izango duen kolektiboa izango baita etorri berriena eta horrek politiketan ere isla izan behar baitu.

Ildo beretik mintzatu da Mendizabal ere eta adierazi duenez, etorri berriek euskara aukera bezala ikus dezaten lortzeko egin behar da ahalegina. Euskara igogailu soziala izan daiteke etorri berrientzat eta horixe da ikusarazi behar zaiena, euskarak balio erantsia duela eta bestela itxita izango lituzketen hainbat ate irekitzeko balio duela. Zentzu horretan, administrazio publikoaren zeregina migratzaileei aukerak sortzea dela adierazi du, betiere justizia soziala eta berdintasuna lortzeko helburuarekin. 

Gipuzkoako errealitatea anitza da eta azken urteetako immigrazio prozesuak aniztasun hori areagotu besterik ez du egin. Gipuzkoan 120 bat hizkuntza hitz egiten dira eta horien artean badira 1.000 hiztun baino gehiago dituzten hogei bat hizkuntza komunitate: errumaniera, arabiera, tamazighta, portugesa, txinera... eta 1.000 hiztun baino gutxiago dituzten beste ehun inguru. Beraz, aniztasun hori kudeatzeko ezinbestekoa da gaia zehaztasunez ezagutzea eta, zentzu horretan, Soziolinguistika Klusterra egiten ari den Gipuzkoako hizkuntza aniztasunaren maparen garrantzia azpimarratu du.

Hasiera batean immigrazio prozesuak jarraitu egingo du eta migratzaileen eta hizkuntzen gaia ondo kudeatzea garrantzitsua da. Hala, zerbitzu publikoetatik migratzaileei zuzendutako berariazko eskaintza bat prestatu beharko litzatekeela azpimarratu du, izan ere, lanari eta gizarteari eragiteaz gain, euskarari berari ere zuzenean eragiten dion gaia immigrazioarena. Bere iduriko, beraz, euskararen aldeko baldintzak sortu behar dira eta migratzaileei jakinarazi behar zaie Gipuzkoan bi hizkuntza ofizial daudela eta biak ikasteko eta erabiltzeko eskubidea dutela eta ez, soilik, gaztelania. Azken batean, eta aldeak alde, 60. hamarkadan Espainia mailatik iritsitako etorri berriek euskararekiko izan zuten hurbilketa prozesua bezalako beste sozializazio prozesu bat lortzea da erronka, euskarak mehatxuak baino aukera berriak izan ditzan. 

Arnasguneak eta immigrazioa. Jatorri atzerritarreko biztanleriaren etorrera handitzen ari den honetan, hainbat gune soziolinguistiko bereziki zaintzeko beharra ere badagoela adierazi du Mendizabalek. Euskara bezalako gutxitutako hizkuntza batek osasuntsu egon nahi badu, euskara nagusi izango den esparru batzuk izan behar ditu eta esparru horiek fisikoak nahiz funtzionalak izan daitezke. Hala, adierazi duenez, esparru horiek bereziki zaindu egin behar dira, etorkinen etorrerarekin bestela ere nagusitutako gaztelania oraindik ere gehiago trinkotu ez dadin eta arnasgune horiek ahuldu ez daitezen.

Zentzu horretan hainbat neurri har daitezkeela esan du eta migratzaileei zuzenduriko politika eraginkorrak lortzeko ahaleginak egiteko garaia dela. Hala, bailara mailako politiketan euskara, bizikidetza eta generoa zehar lerro modura lantzeko proiektuak martxan daudela adierazi du eta, horrela, hizkuntza bere baitan hartzen duen eskaintza osoagoa egiten zaiela migratzaileei. Era berean, udal mailako saiakera batzuk ere egiten ari dira hainbat udaletan eta adibide modura kirol esparrua jarri du. Izan ere, herri batzuetan migratzaileek kirolean aritzeko laguntzak jasotzearen truke, euskara errefortzuak jasotzera bultzatzen dituzte.

Zailtasunak. Gipuzkoak berez duen aniztasunari migratzaileen aniztasuna gehitu behar zaio. Migratzaileen dentsitatea ez da bera herri batean eta bestean, profil ezberdineko iritsi berriak finkatzen dira han eta hemen eta haien interes, behar eta nahiak ere oso anitzak dira. Beraz, hori kudeatzea konplexua da eta gaia zehar lerro modura lantzeak ere baditu berez bere zailtasunak. Alabaina, horrekin batera beste kontu bat ere hartu behar da aintzat: mugikortasuna. Etorri berri askok ez dute Euskal Herriaren edo euskararen berririk izaten hona iritsi arte eta askorentzat sorpresa izaten da euskararen gaia. Alabaina, administrazioa eta eragileak gaia haiekin lantzen hasten direnean, batzuetan haien interes eta inplikazio falta antzematen da, izan ere, migratzaile batzuek ez dute non bukatuko duten jakiten, Gipuzkoara iritsi diren bezala, Madrilera edo Bartzelonara ere joan baitaitezke. Beraz, aldagai horiek ere kontuan izan behar dira politika eraginkorrak kudeatzeko orduan.