Garbiñe Mendizabalek jarraituko du Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari lanetan

2018ko urtarrilean hasi zen postu horretan eta 2019-2023 legegintzaldian ere Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren kargu jarraituko du.

-ren irudia
 Garbiñe Mendizabalek jarraituko du Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari lanetan

Garbiñe Mendizabal (Tolosa, 1961) izango da datorren agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria eta, beraz, jarraipena emango dio 2018an hasitako ibilbideari. Euskalgintzan esperientzia handia duen emakumea da, euskal filologian lizentziatua eta hizkuntza planifikazioan graduondoko ikasketak eginak  dituena (HIZNET). Horrez gain, 1991. eta 1995. urteen artean ere berea izan zen Foru Aldundiko Euskara zuzendaritza gidatzeko ardura. Hona bere CVa

Euskararen biziberritze prozesuaren baitan proiektu asko bultzatu eta babesten ditu Aldundiak, batzuk erakunde barrura begirakoak eta beste batzuk Gipuzkoa mailakoak. Iparrorratza, gainera, berdintsu mantendu du Mendizabalek azken urteetan eta 2018an onartu zen Euskararen Erabilera Biziberritzeko VI. Planaren laguntzaz hainbat aurrerapauso eman dira. Hala, esate baterako, Aldundiak zerbitzu hizkuntza bermatzen duen honetan, fokoa lan hizkuntzan jarrita du eta, zentzu horretan, langileei begirako hainbat egitasmo jarri dira abian: motibazio egitasmoak, trebakuntza saioak...

Gipuzkoa maila gauzatzen diren proiektuen artean, berriz, esparru ezberdinetan eragiteko proiektuak bultzatu ditu eta kontziente da horietako asko estrategikoak direla: kultura, kirola, aisia, immigrazioa... Euskararen biziberritze prozesuan urratsak egin nahi badira, ezinbestekoa da esparru desberdinetan eragitea eta esparru horietan dabilen jendearengana hurbildu eta kontzientziatzea. Hala, Aldundiak lanketa horretara bideratuta ditu hainbat baliabide ekonomiko eta tekniko: Euskaraldia, Euskarabentura, EAS, D ereduko kirola, Ika Mizka, dirulaguntzak...

Lankidetza. Euskararen gaia gipuzkoar guztien kontua dela aintzat hartuta, Mendizabalen iduriko ezinbestekoa da eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzea, eragile bakoitza gizartearen esparru ezberdin batean kokatuta baitago. Erakunde publikoek goitik beherako lana egiten duten bitartean, eragile sozialek behetik gorako dinamikak bultzatzen dituzte eta guztien inplikazioa beharrezkoa da emaitza integralak lortu nahi badira. 

Horrez gain, euskararen gaia euskalgintzan dabiltzan eragileen kontua ez ezik, gainontzeko eragileena ere badela iruditzen zaio Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariari eta, hori dela eta, euskara zehar politika modura lantzeko beharra azpimarratzen du. Gainontzeko eragileek euskara beren kudeaketan barneratzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaio, horrek aukeraz betetako testuinguru berri bat sortzeko balio dezakeelako. Horrenbestez funtsezkoa da euskararen gaia zentraltasunera eramatea eta eragile ezberdinek ardura linguistikoaren inguruko kontzientzia hartzeko lan egitea.