Atzealdea

Gaur hasiko da Euskaraldiaren pilotajea Intxaurrondon

Gaur hasiko da Euskaraldiaren pilotajea Intxaurrondon

"Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon" lelopean, 12 eguneko ekimen soziala egingo dute. Norbanakoek ez ezik entitateek ere hartuko dute parte eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak.

-ren irudia Gaur hasiko da Euskaraldiaren pilotajea Intxaurrondon

Gaur, azaroaren 22an, 19:00etan hasiko da Euskaraldiaren pilotajea Donostiako Intxaurrondo auzoan, Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon lelopean. Abenduaren 3ra arte irungo du ekimenak eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak ere parte hartuko du, entitate modura. Pilotaje horretatik 2020an egingo den Euskaraldiaren 2. ediziorako baliagarria izango den informazioa jasotzea espero da. 

Asmoa auzo osoak parte hartzea da eta, bizilagunen partaidetza indibidualaz gain, Intxaurrondon kokatuta dauden hamalau entitatek ere hartuko dut parte: Gipuzkoako Foru Aldundia, IZBE auzo elkartea, Jose Ignacio Bengoetxea harategia, Intxaurrondoko Gizarte Ekintzako zerbitzugunea, Intxaurrondo kultur etxea, Larrotxene kultur etxea, Mons Udal kiroldegia, Haizalde elkarte gastronomikoa, Lauaizeta ikastetxea, Biharko Gipuzkoa zaharren egoitza, Intxaurrondo Udal Kiroldegiko igerilekua, Intxaurrondo Ikastola, Zulo Zahar elkartea eta Intxaurrondo Hegoa IP. Entitate horien baitan 65 arigune antolatu dituzte eta arigune horietan, gainera, 500 langile arituko dira Ahobizi eta Belarriprest roletan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuaren kasuan 155 langile arituko dira Ahobizi eta Belarriprest roletan, departamentuko langile guztien artetik %84.7. Guztira 22 arigune izendatu dituzte, 20 barnera eta 2 kanpora begira.

Ariguneak. 2020an egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan norbanakoen parte hartzeaz gain, entitateena ere bultzatuko da eta, beraz, orain arte gizarteratu gabeko molde batzuetan ulertu behar da gizarte ekimena. Ahobizi eta Belarriprestak Euskaraldiaren lehenengo edizioan bezala mantenduko dira, baina entitateen sarrerarekin, kontuan hartzeko beste ideia bat ere sartzen da jokoan: ariguneak. Ariguneak entitateen baitan kokatu behar diren taldeak dira, gutxienez bi pertsonaz osatutakoak, eta talde horiek euskaraz "lasai eta modu seguruan" aritzeko guneak izango dira. Entitateen baitako arigune horiek, kanpo zein barrura begirakoak izan daitezke eta ezinbesteko baldintza da taldeko kide guztiek euskara ulertzea eta gehienak ariketa egiteko prest egotea.

Orain Intxaurrondon egingo den pilotajeaz gain, beste bi pilotaje ere aurreikusita daude: dagoeneko gauzatuta dagoen Arabako Lautadako ekimena eta Bizkaiko enpresa batean egingo dutena.