Gazteek helduek baino euskara gehiago darabilte, batez beste

15-24 urte arteko gazteak batez besteko erabileraren inguruan edo gainetik daude eta 25-64 urte arteko helduak, aldiz, behetik. Horrez gain, Gipuzkoako herritarren joan-etorriak nahiko banatuta daude herrialdean zehar eta horrek ere eragina du hizkuntzaren erabileran.

-ren irudia
 Gazteek helduek baino euskara gehiago darabilte, batez beste

Soziolinguistika Klusterrak euskararen erabileraren inguruan azterketa bat egin du eta faktore ezberdinekin alderatu dute euskararen erabilera bera. Ikerketa oraindik garatzen ari badira ere, hainbat ondorio interesgarri atera dituzte dagoeneko eta horietako batzuk hausnarketarako bide ere ematen dute.

  • Gazteek gehiago erabiltzen dute euskara.

Euskararen batez besteko erabilera adinarekin alderatuta, erabileraren argazkiak hainbat argigune plazaratu ditu. Esaterako, 15-24 urte bitarteko gazteek, oro har, batez bestekoaren inguruan eta gainetik darabilte euskara eta 25-64 urte artekoak, aldiz, oro har batez bestekoaren azpitik kokatzen dira. Neurri batean argazki berria da hori, izan ere, nahiko zabalduta dagoen ideia da gazte askok gaztelaniara jotzen dutela eta adin tarte horretan gertatzen dela hizkuntza mudantza.

Hori horrela, datu horiek erakusten dute gazte batzuk gaztelaniara jotzen badute ere, orokorrean helduek baino gehiago atxikitzen diotela hizkuntzari. Beraz, hainbatetan gazteei esaten zaien "euskaraz egin" hori, helduei esatea ere soberan ez dagoela ondoriozta daiteke.

  • Gipuzkoa, saretua

Hizkuntzaren eta giza taldeen mugikortasunaren arteko lotura eginda, beste ondorio interesgarri bat ere atera daiteke. Argi dago herritarrek lanagatik edo bizilekua aldatu dutelako, lekuz mugitzeko joera dutela eta Gipuzkoa ez da salbuespena. Mugimendu horiek hiztunengan eta hizkuntza komunitateetan eragin handia dute, zalantzarik gabe, eta horregatik da garrantzitsua fluxu horiek nondik norakoak diren ikustea, neurriak hartu behar izatekotan indarrak nora bideratu behar diren jakin ahal izateko.

Hala, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren arabera, Gipuzkoa nahiko lurralde orekatua eta saretua da. Bizilekua aldatzeko orduan, Donostiak ez du Gipuzkoan Bilbok Bizkaian edota Gasteizek Araban duen adinako erakarpen indarrik eta giza mugimenduak ez daude guztiz zentralizatuta. Hori horrela, erakarpen polo bat baino gehiago dago: Donostia ingurutik hiriburura, Urola Garaitik Azpeitia ingurura, Goierritik Beasain eta Ordiziara, Deba bailaran Arrasate eta Eibarrera... Azken batean, bailarako hiriburuek pisu erlatibo handia dute bailarako giza mugimenduetan eta horrek, oro har, hizkuntzari mesede egiten dio. 

Giza taldeen mugimendu horiek normalean herri txikiagoetatik handixeagoetarakoak izaten dira eta hori mesedegarria izan daiteke euskararentzat. Izan ere, herri txikiago eta euskaldunago horietara, oro har, ez da kanpotik hainbeste jende joaten eta, beraz, beren egoera linguistikoak ez du hainbesteko aldaketarik jasaten. Baina, kontrara, herritar euskaldunak gune erdaldunagoetara joatean, hango euskaldun dentsitatea indartzen dute eta horrek mesede egiten dio euskararen egoerari.

Gainera, Gipuzkoan ez da jende olderik masiboki mugitzen gune jakin batera bestera eta herritarrek egokitzeko denbora izan dezakete, baita hizkuntza kontuetan ere.