Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Euskaraldiarekin

Euskararen erabilerari astinaldi bat emateko sortu da ekimena eta Ahobizi eta Belarriprest figurak izango dira protagonista 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

-ren irudia
 Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Euskaraldiarekin

Euskararen aldeko konpromiso sendoa du aspaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta euskara biziberritzeko politikak bultzatzen ditu modu zuzen eta zeharkakoan. Hala, Aldundiak bat egiten du Euskaraldiarekin eta, beraz, Euskal Herri osoan martxan jarriko den tokiko aktibaziorako ekimenean parte hartuko du. Ekimen horretan Ahobizi eta  Belarriprest figurak izango dira protagonista, Ahobiziek ahal dutenero euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute eta Belarriprestek, berriz, euskara ulertzen dutela adieraziko dute. Hori horrela, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, jendeak hartutako konpromisoekin Euskal Herri osoan euskararen erabilerari astinaldi bat ematea da ekimenaren helburua.

Egun horietan jendearen parte hartzea ahalik eta handiena izan dadin, lehenagotik jendearen atxikimendua lortzen hasiko dira eta horretarako zenbait herritan formazio eta sentsibilizazio saioak zein bestelako komunikazio kanpainak prestatu dituzte. Gainera, Euskaraldia Euskal Herri osora zabalduko denez, egun horietakoa aktibazio ekintza kolektibo modura ulertu behar da, euskaraz bizi nahi dutenek euskaraz hitz egiteko aukera berriak izan ditzaten eta euskal hiztunen arteko sare berriak sor daitezen. Horrela, parte hartzaileen artean hizkuntza ohitura berriak sortuko direla aurreikusten da eta urrats bat gehiago egingo da euskararen biziberritze prozesuan. 

Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak modu aktiboan bultzatuko du Euskaraldia eta horretarako zenbait neurri jarriko ditu abian Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak. Aldundian bertan jendearen inplikazioa bilatzeaz gain, kanpora begira ere hainbat neurri hartuko ditu Gipuzkoako gizarte eragile eta erakunde publikoek ere konpromisoak har ditzaten. Hala, arian-arian sortzen diren beharrei ere erantzuten saiatuko da.

Guztion beharra. Euskaraldiaren baitan Euskal Herri osoko ahalik eta jende gehien biltzea da asmoa eta horretarako, norbanakoaz gain, erakunde publikoen eta herri elkarteen inplikazioa ezinbestekoa da, euskararen aldekoa denek batera egin beharreko bidea baita. Hala, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Herri Elkargoa, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak, UEMA, EUDEL, UEU, Euskaltzaleen Topagunea, Bai Euskarari Elkartea, Ikastolen Elkartea, Kontseilua... dira ekimenaren sustatzaileak. 

Dena den, Euskaraldia ez da hutsetik sortu den ideia bat, dagoeneko formatu bertsuko zenbait ekimen jarri baitituzte martxan Euskal Herriko hainbat auzo eta herritan (Lasarte, Agurain, Trapagaran, Donostiako Egia auzoa...) eta esperientzia oso positiboak izan dira. Leku horietan euskaraz bizitzeko finkatutako egunetan euskararen erabilera biderkatu egin da eta epe ertainera ere neurri batean mantendu egin dira erabilera datu on horiek. Hori horrela, herri eta auzoetan euskararen aldeko antzeko ekimenak modu solte eta isolatuan egin beharrean, indarrak batu eta denak batera euskararen erabileran epe labur, ertain eta luzean eragiteko asmoz sortu da Euskaraldia. 

Hala, ekimenaren inguruko informazio, albiste edota argazkien berri emateko www.euskaraldia.eus webgunea jarri dute martxan.