Gutxieneko ulermen maila lortzeko metodologia, Soziolinguistika Klusterraren eskutik

Aldahitz proiektuaren baitan garatu dute Uler-saioak metodologia eta helburua norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea da. Ikerketa jasotzen duen argitalpena egin dute

-ren irudia
 Gutxieneko ulermen maila lortzeko metodologia, Soziolinguistika Klusterraren eskutik

Hizkuntza ohituretan aldaketak bultzatzeko hainbat ikerketa egiten ari da Soziolinguistika Klusterra eta, besteak beste, Aldahitz proiektuarekin dihardu. Azken urteetan Eusle eta Ulerrizketa metodologiak aurkeztu dituzte proiektu horren baitan eta, orain, hirugarren metodologia bat ere gizarteratzen ari dira: Uler-hizketa metodologia. Metodologia horren helburu nagusia euskaraz ulertu ez edo oso gutxi ulertzen duten pertsonek epe labur batean euskara ulertzeko gutxieneko gaitasuna lortzea da. Proiektuaren babesle eta partaideak izan dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Uler-saioak metodologia. Euskaraz batere ez dakiten edo oso gutxi ulertzen duten kideek komunikazio naturalaren bitartez euskara ulertzeko gaitasuna garatzeko diseinaturiko metodologia da. Helburua da norbanakoek ahalik eta eperik laburrenean euskara ulertzeko gaitasuna eskuratzea, kalean eta ingurune naturaletan euskarazko harremanetan (ele biko elkarrizketen formatuan bederen) murgiltzeko aukera izan dezaten.

Metodologia, funtsean, ingurune babestu batean garatzen da: gela batean, ordutegi baten barruan eta hizkuntza-soslai bera duten beste kide batzuekin batera. Bertan, trebatzaile batek euskarazko input ulergarri ugari ematen dizkie kideei. Trebatzaileak, euskara erraza eta sinplea erabiliz, komunikazio-jarduerak bideratzen ditu, eta etengabe egiaztatzen du jasotzaileek ulertutakoa. Metodologiak zuzenean ez du euskaraz hitz egiteko gaitasuna garatzen eta ez die norbanakoei euskaraz egiteko eskatzen. Foku bakarra ulermena da, eta ondorioz norbanakoei dagokie etengabe egiaztatzea trebatzaileari ulertu diotena. Uler-saioak metodologiak 60 orduko prozesu bat proposatzen du, denbora tarte horretan norbanakoek A1 mailako ulermena eskura dezaten.

Argitalpena. Uler-saioak metodologiaren inguruko informazio osoa jasotzen duen argitalpena egin du Soziolinguistika Klusterrak eta denen eskura jarri du hemen. Hala, jendeak metodologiaren aplikazio egokia egin dezan, egunez eguneko programazioa proposatu dute eta esperientzia arrakastatsuak lortzeko eman beharreko urratsak zein diren ere jasota dago. Izan ere, argitalpenak helburu pedagogikoa du eta proiektu pilotu modura egindako esku-hartzeetan ikasitakoa gizarteratu nahi da horrela. 2016an Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean egin zuten esku-hartzea, eta 2017an Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean, Fagor Arrasate Donostiako lantegian eta Eibarko Armagintza Eskolan. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Pello Jauregi izan da metodologiaren garatzaile nagusia eta berau izan da liburuaren egilea. 

Horrez gain, argitalpen horretan Uler-saioak metodologia baino haratago doan informazioa ere jasotzen da, Uler-saioak metodologia eta Ulerrizketa metodologiarekin uztartzeko proposamena ere egiten baita eta uztarketa hori bideratzeko hainbat proposamen ere egiten dituzte. Molde horri “Ulerrizketa babestua” izena jarri diote.