Tokiko aktibazioak Lasarte-Orian emandakoak aurkeztu dituzte Lasartetop-en

Lasarte-Oria aitzindaria izan da tokiko aktibazioan eta "Baietz 40 egun euskaraz" ekimenean oinarritutako ikerketaren emaitzak liburu batean bildu dituzte, Aldundiaren babes eta laguntzarekin

-ren irudia
 Tokiko aktibazioak Lasarte-Orian emandakoak aurkeztu dituzte Lasartetop-en

Tokiko aktibazioan aitzindaria izan da Lasarte-Oria, lehenengotariko herria izan baitzen erabileraren inguruko ekimenak abian jartzen. Herriko hizkuntza-ohiturak neurri batean aldatzea lortu dute eta oraindik bidea luzea den arren, orain artekoari balioa eman nahi izan dio Lasarteko-Oriako Udalak, Aldundiaren laguntzaz, "Lasartetop, Lasarte-Oriako euskalgintzaren topaketa"-ren bidez. Ekitaldian euskararen inguruan emandako aurrerapausoak nabarmendu nahi izan dituzte eta urrats horiek herritar eta eragile guztien lanari eta inplikazioari esker egin direla adierazi du Euskara zinegotzi Jon Antxordokik. "Azken urteetan herri honetan egindakoa, harro egoteko modukoa da. Dinamika horren motorra gu guztion arteko elkarlana izan da". 

Ekitaldian "Baietz 40 egun euskaraz, herri erronka"-ren emaitzak biltzen dituen liburua aurkeztu du EHUko ikerlari Pello Jauregi Etxanizek eta liburu horretan 2016ko urriaren 22tik abenduaren 3ra euskararen erabilera sustatzeko ekimenak eman zuena dago jasota: testuingurua, ezaugarriak, diseinua, ikerketa, ondorioak... Hala, modu didaktiko eta argian erakusten du zein izan zen ekimenaren bilakaera, zer emaitza eman dituen eta zein zailtasun topatu zituzten bidean. 

Lasarten gauzatutako erronka haren helburua 40 egunez euskararen presentzia areagotzea izan zen eta, horretarako, sei aste iraun zuen programa antolatu zuten. Lehenengo, "Irten armairutik!" kanpainarekin Ahobizi eta Belarriprest  figurak gizarteratu eta bakoitzari zegozkion egitekoak aurkeztu zituzten. Hasiera batean 300 Ahobizi eta 3.000 Belarriprest lortzea aurreikusten bazuten ere, erronka abiatutakoan 957 pertsonak izena eman zuten Ahobizi gisa aritzeko eta 1927 pertsonak Belarriprest gisa. Ahobizi bakoitzak astebetez euskaraz aritzeko konpromisoa hartu zuen eta txandaka bete zituzten sei asteak. Erronka, herri mailakoa izaki, alor desberdineko talde eta eragile ugari aritu ziren parte hartzen, tartean, Landaberri ikastola, Kaxkarro guraso elkartea, Muntteri-AEK euskaltegia, Ttakun kultur elkartea, bertso eskola, Udala... 

Esperientziak oso harrera ona izan zuen herrian eta, gainera, euskararen erabileran eragin zuen epe labur eta ertainera. Ekimena abiatu aurretik Ahobizien euskararen erabilera 62.4koa bazen, erronka bukatu berritan 83.8koa izatera pasa zen eta erronka bukatu eta hiru hilabetera 81.3koa. Horrenbestez, agerian geratu zen erronkan zehar irabazitako gehiena finkatu egin zela gerora ere. Hori, nagusiki, bi faktoreren ondorioz gertatu zela defenditu du Pello Jauregik liburuan: batetik, Ahobiziek aukera izan zutelako sei astetan zehar beren praktika soziolinguistiko berria jende ugarirekin (tartean Belarriprestekin) behin eta berriz erabiltzeko eta, ondorioz, ohitura linguistikoak finkatzeko eta; bestetik, alderdi kolektibo eta kuantitatiboaren garrantziak eragin handia izan zuelako banakako prozesuak bizkortzeko garaian.  Izan ere, norberaren jokaera besteengan islatua ikusteak taldeko konplizitate sare indartsuak sortzen lagundu zuen. 

Hori guztia eta gehiago jasotzen duen liburua denen eskura jarri du Lasarte-Oriako Udalak eta aleak nahi dituenak Udaleko Euskara zerbitzuarekin jarri behar du harremanetan. Liburuaren ekoizpenak Lasarte-Oriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.

Euskaraldia. Besteak beste Lasarte-Orian izandako ekimenetan oinarrituta, Euskal Herri osora egingo dute salto tokiko aktibazioa sustatzeko ekimenek eta zentzu horretan 2018. urtea garrantzitsua izango da. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako "Euskaraldia. Euskarak 365 egun" dinamikaren aurkezpena egin du HPSko ordezkari Estitxu Alkortak Lasartetop-en eta, haren hitzetan, ekimenaren helburua pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea da. Horretarako, euskaltzaleen sareak aktibatu eta indartzen ahaleginduko dira, eta baita euskararen erabilerarentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta natural berriak eraikitzen ere. Ekimena Euskal Herri mailakoa izango denez, kolektiboa izango da, baina tokian tokiko errealitatera egokitutako dinamikak izango dira 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dituztenak.

Alkortaren iduriko, 2018an hizkuntza ohituretan emaitzak lortzen badira, ondoren, lorpen horiei babes neurriak eman behar zaizkie. Hala, 2019an mota guztietako entitateen babes neurriak lortzea proposatu du, euskaraz bizitzeko gogo horrek baldintza sozial gero eta egokiagoak izan ditzan. Hizkuntzaren normalizazioaren ardurak pertsonena eta entitateena izan behar duela uste du eta babes neurri horiek herritarrak bere gain hartzen dituen erakunde posible guztiak izan daitezke, publikoak zein pribatuak.

Euskaraldia Lasarte-Orian. Euskaraldiaren baitan leku askotan egingo dira aktibazio ekimenak lehenengoz, baina Lasarte-Oriak badu aurretik ere bere ibilbidea. Hori dela eta, 2018koa aurrekoen errepikapen soila izan ez dadin eta lasartearren ilusioa piz dezan, zenbait berrikuntza proposatu dituzte: Belarriberri figura, egunero maratoi erdiak eta animazioak egitea.... Belarriberriak euskaraz ulertzen ez duen pertsonak izango dira, eta Ahobizi zein Belarriprestek euskara ikasteko gonbidapen-txartelak emango dizkiete. Horrela, Belarriberriei bereziki zuzendutako euskara saioak antolatzea aurreikusi dute, euskaraz ezer ulertzen ez dutenak euskarara hurbiltzeko eta pixkanaka gutxienez Belarriprest izatera hel daitezen.