Atzealdea

Itzultzaile neuronala, salto kualitatiboa itzultzaile automatikoetan

Itzultzaile neuronala, salto kualitatiboa itzultzaile automatikoetan

Eusko Jaurlaritzak denen eskura jarri du itzultzaile neuronala, gaztelania eta euskara arteko itzulpenak egiten dituen itzultzaile automatikoa. Jauzi kualitatiboa eman da zuzentasun eta ulergarritasunean eta nahi adina bider erabil daiteke, doan.

-ren irudia Itzultzaile neuronala, salto kualitatiboa itzultzaile automatikoetan

Itzultzaile neuronala aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoaren esparruan salto kualitatiboa eman duen gailua. Itzulpen automatiko zuzen eta ulergarriak egiten ditu, bai norabide batean zein bestean, eta orain arteko hainbat muga gainditu ditu.

Azpimarragarria da itzulpengintzari eman dion bultzada, izan ere, konplexuak izan daitezkeen testuak modu zuzenean itzultzen ditu eta hori orain arteko itzultzaileekin ez zen beti horrela izaten. Alabaina, egia da bere mugak ere badituela eta arazoak sor daitezkeela, esaterako, izen bereziekin, esaldien atzerakargarekin edota estiloarekin. Beraz, itzultzaile neuronalak itzulpen nahiko fidagarriak egin arren, ezinbestekoa da testu horiek gainbegiratzea eta zuzentzea eta; horrenbestez, gailua ez da itzultzaileen figura ordezkatzeko tresna bezala ulertu behar, haien lana erraztu eta tresna modura erabiltzeko baliabide modura baizik.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, itzultzaile neuronalak “jauzi kualitatibo handia” emateko balioko du eta laguntza handia eskainiko die itzultzaileei. “Helburua ez da, inola ere, itzultzaileak ordezkatzea, baizik punta-puntako laguntza eskaintzea bi hizkuntzetan aritzen direnei”. Zentzu horretan, gainera, argitu beharra dago itzulpenen kalitatea hobea dela euskaratik gaztelaniarako norabidean alderantzizkoan baino eta, horrenbestez, ezinbestekoa da hori zaintzea eta itzulpen automatiko horiek itzultzaile batek gainbegiratzea.

Itzultzaile neuronalak sare neuronal artifizialak baliatzen ditu itzulpenak egiteko, bere funtzionamenduak giza garun baten jarduna imitatzen baitu eta itzulpenak egin ahala gailuak “ikasi” egiten duela esan daiteke. Zenbat eta itzulpen gehiago, orduan eta datu base zabalagoa bere itzulpenetarako eta, ondorioz, itzulpen memoria gehiago dituen neurrian itzulpenak ere fintzen joango dira. Azken batean, bere burua elikatzen duen tresna bat da eta erabiliaren erabiliaz hobetzen joango dena. Gaur-gaurkoz itzultzaile neuronalaren datu basean hamar milioi segmentu daude, Jaurlaritzak urteetan zehar egindakoak itzulpen memorietan jaso baitituzte.

Orain arteko itzultzaile automatikoak gramatika eta lexiko konputazionalean oinarritzen ziren eta ematen zituzten itzulpenak ez ziren beti ulergarriak izaten. Nagusiki itzulpen laburrak egiteko baliatzen ziren itzultzaile haiek, baina oraingoak beste dimentsio bat eskaintzen du. Egia da itzulpen bakoitzean 4.000 karaktere itzul daitezkeela gehienez, baina nahi adina itzulpen egin daitezkeenez, testu luzeak

Hurrengo erronka, mugikorra. Oraindik esparru horretako teknologia garatzen ari dira eta epe laburrean beste aukera batzuk zabalduko direla adierazi dute Eusko Jaurlaritzako iturriek. Ordenagailuan ez ezik, eskuko telefonora egokitutako itzultzaile neuronalean ere ari dira lanean eta epe laburrera hori ere plazaratuko dute. Azken horren funtzionamenduan ahots sintesia ere egongo dela aurreratu dute.

Modela. Beste itzultzaile neuronal bat. Elhuyarrek eta Mondragon Linguak Modela itzultzaile neuronala aurkeztu zuten iaz. Itzultzaile horrek ere aldaketa nabarmena sortu zuen itzulpenen esparruan, baina Modelak hilean 2.000 hitz itzultzen ditu doan, gehiago itzuli nahi izanez gero, ordaindu egin behar da. Modela ere Interneten dago eskuragarri.