Izaskun Kuartangok irabazi du 2018ko Hausnartu saria

Herri administrazioen zerbitzu hizkuntzaren ebaluazioari buruzko ikerketa egin du Kuartangok eta Miren Artetxe eta Irati Lizeaga izan dira bigarren eta hirugarren sarituak. Sari banaketa azaroaren 6an izango da, Bilbon.

-ren irudia
 Izaskun Kuartangok irabazi du 2018ko Hausnartu saria

Izaskun Kuartango izan da 2018ko Hausnartu Soziolinguistika sarietako irabazlea, "Bezero misteriotsuaren teknika herri administrazioetako zerbitzu hizkuntzaren ebaluazioan" izeneko lanari esker. Bigarren saria Miren Artetxek irabazi du "Hiztun berriak eta bertso mundua" lanarekin eta, hirugarrena, Irati Lizeagari egokitu zaio, "Lintzirin: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan oinarritutako Euskara Sustapen Ekintza Plana (ESEP)" lanarengatik. Aurtengoa  Hausnartu Soziolinguistika sarien XI. edizioa izan da eta, urtero bezala, hainbat jakintza arlotatik euskal soziolinguistikari ekarpena egiten dioten lanak jaso dira.

Sari emate ekitaldia  azaroaren 6an izango da, Bilboko Bizkaia-EHU aretoan. Lehenengo aldiz txertatu da sari banaketa Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitarauan eta sariak jasotzeaz gain, sarituek beren lanen aurkezpenak ere egingo dituzte. Lanen testuak osotasunean argitaratuko dira BAT soziolinguistika aldizkariaren 2018ko laugarren alean.

Hausnartu sariak. Lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Asmoa da euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea, modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira. Epaimahaia Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari banak eta Soziolinguistika Klusterraren aditu sareko bi kidek osatzen dute.

Soziolinguistika Klusterra. Euskararen garapen sozialaren ikergunea da Soziolinguistika Klusterra. 2004an sortu zen eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman sarea eta ezagutza sortu eta metatzen joan da. Bere xedea ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea da, euskara biziberritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako, hainbat bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzialari eta bestelakoekin aritzen da elkarlanean, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.