Lazarragaren eskuizkribua

Hegoaldeko euskarazko liburu zaharrena aurkeztu zuen otsailaren 18an Gipuzkoako Foru Aldundiak: Juan Perez Lazarraga, Larrea dorreko jaunak XVI. mendearen bigarren herenean idatzitakoa da. Mendebaldeko euskara darabil, garai hartan Arabako ordekan mintzatzen zena zalantzarik gabe; koplak, bertsoak eta kontakizunak dira, gai profanoan ingurukoak.

-ren irudia
 Lazarragaren eskuizkribua

Eskuizkribuaren ezaugarriak

Liburu bat da plegu laurdenean egina 51 orri dituena. Beraz, guztira 100 orrialde baino gehiago, ia guztiak euskaraz idatziak. Itxura du (orri zenbaki bikoitzengatik eta beste xehetasun batzuengatik) liburu luzeago bat osatzeko lan zirriborro edo zati bat dela eskuizkribua. Lehen lau orriak moztuta daude, baina beste guztiak ongi eta erraz irakur daitezke.

Orri ertzetan eta oinetan ohar mordoxka bat dauka, gehienetan gazteleraz idatziak. Baita ere, idazkera probak egiteko erabilia izan zen askotan, sinadurak eta garai hartan asko erabiltzen ziren monogramak agertzen baitira.

Egilea, data, idazkera, hizkuntza

Borja Aginagalde historialariak egin duen lehen azterketaren arabera, ez dago zalantzarik egilea Juan Perez Lazarraga izan zela, Larrea dorreko jauna dela idazlea.

Lazarragatarrak leinu zabala dira, adar asko dituena barreiaturik Oñatin eta Agurain nahiz Zalduondo inguruko Arabako ordekan. Leinu berezia da: politikan, armadan, erregeren zerbitzuan eta abarretan nabarmendutako kideez gain, genealogiazale ospetsu bat eman zuen, leinuaren genealogia osatzen urte asko eman zuena; lana 1589an amaitu zuen, eta haren kopiak gordetzen dira artxibategi pribatuetan. Hain zuzen ere, genealogista ospetsu hori da eskuizkribu honen egilea.

Hori hala izanik, ez dago zalantzarik, ezta ere, eskuizkribua 1560ko hamarkadan idatzia dela. Idazkerak ere hori adierazten du, adituen arabera, Pizkunde garaian usatzen zen letra moldea eta idazkera baino antzinagokoa baitu testuak. Gainera, itxura guztien arabera esku bakarrak idatzia da testua osorik.

Jakina, egilearen jatorria kontuan izanda, euskara mendebaldekoa da orobat. Azterketa xeheagoak etorriko dira, dudarik gabe, hizkuntzaren aldetik, baina irakurraldi soil batek mendebaldeko euskara zaharraren moldea erakusten du, argi eta garbi.

Pasarte batean, bertso edo kopla batzuk euskaraz eta gazteleraz ematen ditu.

Edukia eta gaiak

Eskuizkribua gai profanoetakoa da erabat: amodiozko koplak, bertsoak eta gisakoak. Bertso sail luze bat dauka Aguraingo erreketaren historiaz.

Gauza bitxi askoa ere badauka eskuizkribu honek: bertso batean eusquel erria aipatzen du, horrelaxe («çegaiti doçun eusquel erria / aynbat bentajaz dotadu»).

Eskuizkribua sarean

Zorionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskuizkribua digitalizaturik jarri du sarean. Irudiak JPG formatuan daude, pantailako bereizmen arruntean, baina bereizmen handiko irudiak ere eskura daitezke, goiko lupan klik eginda.

Pasarte esanguratsu batzuk: