LuHi 5, arnasguneen garapen iraunkorrean sakontzeko gakoak hizpide

Arnasgune eta herri euskaldunen garapena sustatzeko gakoak aztertu dira Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien 5. edizioan, "arnasguneen garapen jasangarrirantz" izenburupean.

-ren irudia
 LuHi 5, arnasguneen garapen iraunkorrean sakontzeko gakoak hizpide

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiaren 5. edizioan, "Arnasguneen garapen jasangarrirantz" izenburupean, arnasguneek garapenerako dituzten premia eta beharrak identifikatu dituzte eta horietan sakontzen jardun dute. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuan paper garrantzitsua jokatzen dute arnasguneek eta horretaz jakitun, ezinbestekotzat hartzen da horiek babestea eta garatzea. Babes eta garapen hori, gainera, ez da soilik hizkuntzaren aldetik sustatu behar, baita alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik eta sozioidentitariotik ere. Antolatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA, UEU eta  Kontseilua izan dira.

Honakoak dira jardunalditik ateratako ondorio nagusiak:

  • Arnasguneen garapenari begira hiru ardatz eta zazpi erronka

​Arnasguneen garapenari begira, ardatz modura oinarritzat hartzen dira garapen sozioekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa; eta horietan kokatuko lirateke lanerako zazpi erronka nagusiak: garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatua, garapen sozioekonomiko sistemiko eta endogenoa, tokiko oinarrizko zerbitzuen garapena, hizkuntza-komunitatean ardaztutako garapen soziokulturala, balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako nortasunaren garapena, arnasguneen saretzea eta hedapena eta hizkuntza komunitatea ardatz duten politika publikoak.

  • Arnasguneen zaurgarritasuna eta inguruarekin duten interdependentzia

Hizkuntzaren normalizazio prozesuetan arnasguneek duten garrantziarekin batera, begi bistakoa da arnasguneak zaurgarriak direla; eta are gehiago, globalizazio prozesua azkartzen ari den garaiotan. Gaur egungo garraiobide eta hedabideek arnasguneetako eguneroko bizitzan goitik beherako eragina dute.

  • Garai konplexuei erantzun konplexuak

Elkar lotuta eta elkar eragin etengabean dagoen gizarte batean bizi gara eta, beraz, politika publikoetan hizkuntza normalizazioa zeharkakotasunez lantzeko beharra dago. Hizkuntzaren kudeaketa aintzat hartu behar da sozioekonomian, lurralde antolaketan, arkitekturan...

  • Arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoak

Beharrezkoa da politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea eta hasiera-hasieratik arnasguneen garapenaren ikuspegia txertatuta egotea.

  • Arnasguneen garapenerako lege markoa

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiteko beharra EAEko Toki Erakundeen Legean jaso izana oso positiboa da, baina horren garapenetik sortutako hainbat ikasgai oraindik ere identifikatzen ari dira. Hala, horiek guztiak oinarri hartuta, arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege markoa garatzea beharrezkoa da.