Atzealdea

Mezenasgoa, euskalgintzaren sektorean

Mezenasgoa, euskalgintzaren sektorean

Mezenasgoaren bitartez onura fiskalak jaso ditzakete ekarpen ekonomikoa egiten dutenek, baina horretarako baldintza jakin batzuk bete behar dituzte entitate onuradunek.

-ren irudia Mezenasgoa, euskalgintzaren sektorean

Entitateei beren jarduna burutu ahal izateko ematen zaien dohaintza ekonomiko desinteresatua da mezenasgoa. Ekarpen ekonomiko horiek pertsonek, elkarteek nahiz enpresek egin ditzakete eta, hasiera batean, mezenasek ekarpenak musu-truk egiten dituzten arren, bueltan onura batzuk ere jaso ditzakete. Izan ere, dohaintza jaso duen entitateek eskertza modura hainbat zerbitzu eskain ditzakete eta, horrela, mezenasei haien ekarpen desinteresatua nolabait itzultzeko aukera izan dezakete. Dena den, bien artean inola ere ezin da dohaintzen inguruko harreman komertzialik sortu.

Mezenasgoaren sistema hori interesgarria izan daiteke hainbat sektorerentzat, batez ere, jarduera horrek hobari fiskalak sortzen dituelako. Ekarpenak egiten dituzten mezenasek kenkariak jasotzen dituzte beren zerga aitorpenetan eta amu hori balia dezakete entitateek mezenasak erakartzeko. Hala, lortzen badute, entitateen finantziazio autonomia areagotu egiten da eta beste diru iturri bat balia dezakete.

Hori horrela, prozedura hori euskalgintzan zabaltzeko ahalegina egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, Berrikuntza Palanken baitan egindako partaidetza prozesuan, euskalgintzarentzat interesgarriak izan zitezkeen hainbat esparru identifikatu zituzten eta testuinguru horretatik eratorritako lanketaren ondorioa izan da mezenasgoan sakontzea. Zentzu horretan, gaia sektorean ezagutarazteko aurkezpen bat egin dute Ogasunak eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak. 

Lege oinarria. Mezenasgoaren sistemaz baliatzeko hainbat baldintza bete behar dira eta oinarrian bi arau daude:

  • 3/2004 Foru Araua, irabazteko asmorik gabeko entitateen zerga erregimenaz eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriez diharduena. (GAO 2004-04-19)
  • 25/2018 Foru Dekretua, interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezko mezenasgo jarduerak 2018. eta 2019. urteetarako ezartzen dituena. (GAO 2018-10-30) 

Arau horiek azaltzen dutenez, mezenasgoaren sistema aplikatzeko bi aukera ezberdin daude eta entitate onuradunak aukeratzen duen bidearen arabera, mezenasak jasotzen duen kenkaria handiagoa ala txikiagoa izango da. 

  • Irabazi asmorik gabeko entitateak (fundazioak; herri onurakotzat hartutako elkarteak; haien federazio eta elkarteak). Erregimen horretan sartzen diren entitateek gizarte onura publikoko aitorpena izan behar dute. Besteak beste, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzak erabiltzen dute bide hori.
  • Euskararen esparruko lehentasunezko jarduerak. Entitatearen jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezkotzat hartutako esparruetan kokatzen bada, mezenasgoaren sistema erabili ahal izango dute. Gainera, erregimen horretan sartzen diren entitateak izaera ezberdinetakoak izan daitezke eta enpresek ere badute lekua sailkapen horretan. Alabaina, argi izan behar da harreman komertzialak bateraezinak direla mezenasgoarekin eta enpresen kasuan oso garrantzitsua da hori.

Hona Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen dituen jarduera esparruak:

  1. Euskarazko aldizkako argitalpenak
  2. Euskararen erabilera soziala sustatzeko programa eta jarduerak
  3. Gipuzkoan euskaraz hedatzen diren irratiak
  4. Gipuzkoan euskaraz hedatzen diren toki telebistak
  5. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak
  6. Euskararen erabilera arlo sozio-ekonomikoan sustatzeko jarduerak eta ekintzak.

Hori horrela, jarduera horietakoren bat burutzen duen entitateak onuradun izan eta mezenasgoaren sistema baliatu ahal izateko, lau betekizun formal ditu:

  1. Lehentasunezko jarduera izendatzeko eskaera.
  2. 182 eredua: dohaintzen, ekarpenen eta ondare erabilpenen urteko aitorpen informatiboa.
  3. Ekarpen horien kontura ekitaldian finantzatutako jarduerei buruzko memoria.
  4. Genero eraginari buruzko informazioa, jarduerak edo programak genera esterotipoak desagertzeko helburuak bete izanari buruzko informazioa eta, azkenik, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren sustapenari buruzko informazioa.