Miguel Galiciak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria

Euskara planen ebaluazioaren inguruko lana aurkeztu du Galiciak eta Jon Fernandez eta Xabier Madorrán de la Iglesia izan dira bigarren eta hirugarren sarituak. Irabazleen lanak BAT aldizkarian argitaratuko dituzte.

-ren irudia
 Miguel Galiciak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria

Banatu dituzte Hausnartu-Txillardegi sariak eta Miguel Galicia, Jon Fernandez eta Xabier Madorrán de la Iglesia izan dira sarituak. Saritutako lanak "Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa",  "Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan" eta "Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran" izan dira, hurrenez hurren, eta BAT soziolinguistika aldizkarian argitaratuko dituzte hiru lanak. Epaimahaikideek adierazi dutenez, urtez urte gora doa sarietan parte hartzen duten lanen maila eta ekarpen handia egiten diote euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapen eta berrikuntzari. Sariak Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk antolatzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Hiru sarituak:

1. saritua: Miguel Galicia.
Saritutako lana: "Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa"
Laburpena: Euskara sustatzeko plan programatiko nagusian (ESEP) eta zenbait eskualdetako plan estrategiko eta mikroproiektutan erabiltzen diren ebaluazio moldeen azterketa  proposatzen da lanean. Analisi horretatik ateratako ondorioa da, batetik, ebaluazio "kuantitatibo-inpresionista" dela nagusi; eta, bestetik, molde hori ez dela kapaz euskararen aldeko ekimenen eraginkortasuna behar bezala neurtzeko. Hori dela eta, azkenean eraginkortasun-irizpideak aintzat hartzen dituen proposamen-zirriborro baten aurkezpena ere txertatu du egileak.

2. saritua: Jon Fernandez
Saritutako lana: Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan
Laburpena: Sare sozialak bilakatu dira gazteen artean sozializatzeko harreman esparrurik ohikoena. Baina zenbateko pisua du euskarak sare sozialetan? Zelako euskara darabilte? Lan honetan Ondarroako (Bizkaia) 16 eta 18 urte bitarteko nerabeen Whatsappeko eta Instagrameko jarduna aztertu du egileak, eta emaitzak itxaropentsuak dira: euskararen nagusitasuna nabaria da, gaztelaniaren eta ingelesaren interferentziak interferentzia —euskañolaz gain, eusklish zantzuak ere ageri dira—. Euskara kaleko arau soziala izateak domino efektua eragiten du herrian, euskararen erabilera indartuz etxean zein sare sozialetan. Hala ere, gazteen autoestimu linguistikoa indartu beharra azaleratu da ikerketan.

3. saritua: Xabier Madorrán de la Iglesia
Saritutako lana: Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran.
Laburpena: IKTak gure bizitzara iritsi dira eta berau zeharo eraldatu dute. Informazioaren gizarte digitalean murgilduta, teknologia berriak hizkuntza gutxituetara ere iritsi dira, eta eragin nabaria izan dute haiengan. Badaude eragin hori positibotzat nahiz negatibotzat duten autoreak, eta, hari horri jarraiki, lanaren helburuetako bat eragin hori aztertzea izan da. Era berean, zehazki euskara aztergai, IKTek euskararengan izandako eragina argitzea izan da lanaren beste helburu nagusia. Horretarako, teknologia berriek euskararengan izandako eragina aztertu da, bereziki, hizkuntza gutxituengan eragina duten IKT-baliabideak zehazten dituen taula baten bidez; hain zuzen ere taula hori du ekarpen nagusia lanak. Azkenik, eragin horren inguruko hausnarketa ere egin da.