Ogasuneko langileen ia erdiak parte hartu du Euskaraldian

250 langile aritu dira Ahobizi eta Belarriprest roletan eta, oro har, motibazioak, ilusioak eta konplizitateak gora egin duela adierazi dute parte hartzaileek

-ren irudia
 Ogasuneko langileen ia erdiak parte hartu du Euskaraldian

Neurri handi batean euskaraz lan egiten da Ogasunean eta zentzu horretan langileek ibilbide handia egin dute urteetan zehar. Baina, hala ere, beti badira euskarara ekar daitezkeen hainbat hizkuntza ohitura eta Euskaraldiaren testuinguruan, talde modura Ahobizi eta Belarriprest rolak hartzea erabaki zuten departamentuan. 

Hala, Ogasuneko hamaikakoa osatu eta, guztira, 250 langilek hartu dute parte ekimenean, maila guztietakoak: tekniko, zerbitzuburu, administrazio ataleko langile... Ogasunean 540 bat langile direla kontuan hartuta, Euskaraldian Ogasuneko langilegoaren %46.4 aritu da eta euskaraz ulertu edo hitz egiten duten pertsonen %54.7. Aintzat hartzeko parte hartzea izan da, beraz, Ogasunekoa.

Hizkuntza ohituretan eragiteko ekimen honetan, hainbat emaitza jaso dituzte eta lan eta zerbitzu hizkuntzan eragina izan duela antzeman daiteke. Esate baterako, Euskaraldian zehar mostradoreetan zergadunen elkarrizketen %28.6 izan da euskaraz eta 2017an kopuru hori %22.4 izan zen. Halaber, 902 telefono zerbitzuan elkarrizketen %33.01 izan dira euskaraz azaroaren 23tik abenduaren 3ra eta kopuru hori 2017an %30.0 izan zen. Beraz, herritarrekiko harremanetan euskararen erabilerak halako gorakada bat izan duela baiezta daiteke.

Horrez gain, balorazio ona egiten dute parte hartzaileek eta hainbat langileren kontzientzia piztu dela adierazi du dinamizazio batzordeak. "Lankide askok azaldu du hizkuntza ohitura berriak hartzeko gogo, nahi edo beharraren kontzientzia". Hala, lankideak gaztelaniarako joeraz jabetu direla ere nabarmendu dute eta horren aurrean hizkuntza ohituretan eragiteko aukera ere sortu dela. "Lankide batzuei euskaraz entzun zaie lehen aldiz". Adierazi dutenez, ariketak asko lagundu ezezagunekin aurreiritzirik ez izaten eta ikusarazi da beste hizkuntza ohitura batzuk sortzeko eta saiakera egiteko beharra dagoela. Dena den, egia da ondorioak pertzepzio subjektiboetan oinarrituta daudela eta bada ohiturak lehengoan mantendu direla dioenik ere.

Kontuak kontu, rolak ondo bete direla iruditzen zaio dinamizazio batzordeari eta, oro har, jarrera aktiboa izan dela. "Ardura gehiena Ahobiziei pasa zaie eta Belarriprestak lagundu egin du bisualki Ahobiziaren ariketarako konpromisoa gogorarazten". Giroa sortuta, ekimenean parte hartzen ari ez ziren hainbat pertsona ere dinamikan murgildu dira eta inertziak apurtzeko balio izan du. "Elkarrizketa asimetrikoak izatea normaldu egin da eta kristalezko sabai bat apurtzea ere lortu da". Izan ere, Belarriprest asko armairutik ateratzeko balio izan du ekimenak eta hori funtsezkoa izan da. Dena den, hamaika egun epe laburregia ere badela adierazi duenik ere bada eta hainbatek ekimenak "hilabetea edo urtea" iraun beharko duela iritzi dio.

Etorkizunean zer? Oro har, balorazio ona egin dute Ogasunean eta Euskaraldiak lortu duen ilusio eta konplizitatea oso garrantzitsuak izan direla iritzi diote. Diotenez, mugarria izan da pertsonen arteko hizkuntza ohituren pertzepzioak aktibatzeko eta elkarrizketa elebidunak balioan jartzeko. Hurrengo edizioetara begira eta ekimenak arrakasta izan dezan, funtsezkoa iruditzen zaie kargudunen eta arduradunen lidergo linguistikoa indartzea eta Belarripresten figura babestea. Hala, Euskaraldia departamentuko Hizkuntza Planarekin uztartzea komeniko litzatekeela ere iritzi diote, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren laguntza jasota.