Hizkuntzen kudeaketa eta praktika onak, Gipuzkoa Berdinagoren baitan

Real Sociedadek bere azken batzar orokorrean hizkuntzak nola kudeatu dituen azaldu die gainerako eragileei eta, halaber, 2020ko Euskaraldiari begirako lehen hurbilketa bat ere egin dute

-ren irudia
 Hizkuntzen kudeaketa eta praktika onak, Gipuzkoa Berdinagoren baitan

Euskararen aldeko hainbat konpromiso dituzte Gipuzkoa Berdinago adierazpena sinatu duten eragileek eta erakunde horietan pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira. Besteak beste, prentsarekiko harremanetan, publizitate euskarrietan, sare sozialetan edota antolatzen dituzten ekitaldietan euskararen aldeko neurriak hartuko dituztela dute adostuta eta, zentzu horretan, Real Sociedadek bere azken akziodunen batzarrean nola jokatu duen azaldu du. 

Real Sociedadeko ordezkari Andoni Iraola eta Luis Arkonadak adierazi dutenez, Kursaalen abenduan egindako azken akziodunen batzarrean euskarari garrantzi handiagoa eman zioten eta prestaketetan hasiera-hasieratik izan zuten kontuan hizkuntzaren aldagaia. Hala, hizkuntzak kudeatzeko beharrezko ziren baliabideak bideratu zituzten eta emaitzak onak izan zirela adierazi dute. Batzar horretan, ohiko edukiez gain, Real Sociedadek euskara zaintzen duela ere nabarmendu nahi izan zuten eta erabilerari ere bultzadatxo bat ematen saiatu ziren. Hori lortzeko, hainbat bozeramaileren parte hartzea euskara hutsez izan zen eta ulergarritasuna bermatze aldera, euskarri idatziak euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu zituzten. Horrez gain, ahozko azalpenak euskaraz ziren kasuetan, esaten zena denek uler zezaten, aldibereko itzulpena jarri zuten denen eskura. 

Era berean, batzarraren baitan sortutako materiala (deialdiak, informazioa...) bi hizkuntzatan banatu zuten eta paisaia linguistikoa ere elebitan jarri zuten. Ildo beretik, bi hizkuntzetan zabaldu zituzten sare sozialetako mezuak eta webgunean jarritako azalpenak.

Hori horrela, Realak hizkuntzaren kudeaketan lanketa bat egin duela geratu da agerian eta aurrera begira zentzu horretan jarraitzeko konpromisoa azaldu dute. 

Euskaraldia 2020. Datorren urtean izango da Euskaraldiaren 2. ariketa eta kasu horretan norbanakoek ez ezik, erakundeek ere hainbat konpromiso hartzeko eskatuko da. Zentzu horretan, lehen hurbilketa bat egin da Gipuzkoa Berdinago agiria sinatu duten eragileen artean eta azaldu zaie garrantzi berezia izango dutela erakunde barruko Belarriprest eremuek eta jendaurreko postuek. Hein berean, gogorarazi zaie Euskaraldia 2020ko azaro eta abenduan izango dela eta komeni dela pixkanaka erakunde bakoitzak bere etxe barruko diagnosia egin eta zein neurri har ditzaketen pentsatzen hastea.

Gogoratu Gipuzkoa Berdinagoren baitan Gipuzkoan esparru ezberdinetako hainbat erreferente biltzen direla: Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia bera.