Proiektu elkartuen inguruko lanketa, Udalekinen baitan

Gipuzkoako udaletako euskara teknikariek datozen urteetan lantzeko proiektu elkartuak aukeratu dituzte eta horien inguruko lanketari ekingo diote. Euskaraldiaren inguruko informazioa ere jaso dute saioan.

-ren irudia
 Proiektu elkartuen inguruko lanketa, Udalekinen baitan

Gipuzkoako udaletako euskara teknikariek Udalekinen baitako proiektu elkartuak aukeratu eta datozen urteetarako lan ildoak zehaztu dituzte. Esparru desberdinetako proiektuen arteko aukeraketa bat egin dute eta hasiera batean sei hilabete inguruko lanketa eskainiko zaie aukeratutako proiektuei. Hala ere, kasuan kasu, epe hori luzatzeko aukera ere izango da. Hori horrela, lehentasuna honako lau proiektuei eman diete:

- Tokiko legea eta euskararen alde aplikatzeko urratsak: ELEren aplikazioa udal-ordenantza batean jasotzeko, ordenantza-eredua sortzea. Tokiko legeak euskararen alde eskaintzen dituen aukerak baliatzeko urratsak aztertu eta planifikatzea.

Hizkuntza bizikidetzarako akordioa. Hizkuntza komunitateen bizikidetza osasuntsurako gakoak identifikatzea eta elkarren arteko zubiak estutzea. Hizkuntza bizikidetzarako akordioa lortzea, bertakoak eta kanpokoak kontuan izanda. 

Harrera protokoloa. Harrera protokoloarekin lanketa berezia egitea aurreikusi da, etorkinen gaiak zeresan handia ematen baitu euskararen testuinguruan.

Gazteen inguruko lanketa. Gazteak euskarara hurbiltzeko esku-hartze bat diseinatu eta trebakuntzaren bidez gazteen arteko gogoeta probokatzea. Hein berean, gaztelekuetan ere antolatzen diren jarduera eta egitasmoetan, zehar lerro guztiak txertatzeko bideak eta aukerak lantzea.

Horrez gain, zeharkako txapel modura, agintaldi berrian Gipuzkoako euskara zinegotziekin lanketa egitea adostu da. Agintaldi berriaren testuinguruan Gipuzkoako politikariei harrera egiteaz gain, lanketa jarraitu bat egiteko aukerak aztertu eta saiakera egitea da erabaki dena. Hala, balizko lanketa jarraitu horretan maila teknikotik garrantzizkotzat jotzen diren gaiak landu ahal izango lirateke politikariekin, maila politikotik eta teknikotik norabide berean joateko. Era berean, politikarien trebakuntza soziolinguistikoa eta hizkuntza-lidergoa landuko lirateke.

Halaber, ikusgarria izango den beste proiektu txikiago bat ere lantzea erabaki da, linguistikoki estrategikoa izan daitekeen arren, garrantzia komunikagarritasunari emango zaion beste proiektu bat. Horren bidez, euskararen gaiak eta lanketak ematen dituen emaitzak gizarteratzea litzateke helburua, komunikatiboki euskara erdigunera eramateko.

Euskaraldia. Proiektu elkartuez gain, Euskaraldiaren inguruan ere aritu dira lan saioan, izan ere, udalek hainbat berezitasun dituzte eta saioa berariazko lanketa egiteko ere baliatu dute. 2020an egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioan herritarrek ez ezik, entitateek ere parte hartu beharko dute eta ekimen soziala udaletan nola aplikatu beharko litzatekeen azaldu dute antolatzaileek. Udaletako langileek zenbait betebehar linguistiko dituzte lanean ari diren bitartean eta horiek Euskaraldiarekin nola uztartu daitezkeen aztertzen aritu dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, lehenengo urratsa ariguneak identifikatzea eta izena ematea da. Hala, arian-arian, sortzen diren zalantzak Topagunera bidaltzeko eskatu dute, guztien artean erantzun egokienak eman ahal izateko.