Tokiko hizkuntza-aktibaziorako prozesua eta gakoak, denen eskura

Soziolinguistika Klusterrak gidatutako lantalde bat tokian tokiko aktibazio-prozesuen ezaugarriak ikertzen aritu da eta bide orri bat ere proposatu du aktibaziorako gako arrakastatsuekin. Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren babesa izan du egitasmoak.

-ren irudia
 Tokiko hizkuntza-aktibaziorako prozesua eta gakoak, denen eskura

Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin tokian tokiko aktibazioa ikertzen aritu da Soziolinguistika Klusterra 2015etik hona eta herritarrak euskararen baitan aktibatzeko zaindu beharreko gakoak identifikatu dituzte. Helburua ahalik eta jende gehien aktibatzea denez, azterlanarekin batera, arrakastatsua izan daitekeen bide-orri bat ere proposatu dute:

- Atariko lanak, ekimena adosteko aurreprozesua
- Aurrelanketa, komunikazio-estrategia eta mobilizazio-estrategia diseinatzea
- Ekitea, ekimena martxan jartzea eta hedatzea
- Baloratzea, ebaluazioa eta aurrera begirakoak

Balizko ibilbide hori diseinatzeko, hainbat herri ekimen aztertu eta zenbait esku-hartze ere egin dituzte. Besteak beste, Euskaraldia herri batzuetan nola antolatu duten aztertu dute, Tolosaldean eta Arrasaten bertako eragileekin aritu dira... Azken batean, iturri desberdinak kontsultatu dituzte eta, egoera ezberdinak aztertu ondoren, komunean zer izan dezaketen identifikatu eta arrakastarako gakoak izan daitezkeenak jaso dituzte. Hona jaso dituzten gakoak:

- Behar sozial bati erantzutea
- Oinarrizko teoriak eta diskurtsoak adostea
- Administrazio publikoak eta gizarte-mugimenduak elkarlanean aritzea
- Modu horizontalean antolatzea
- Talde eragilea antolatzea
- Prozesua nola egiten den zaintzea

Herri aktibazioa, funtsezko tresna. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen iritziz, herri aktibazioa funtsezko tresna da euskararen biziberritze prozesuan. "Hori da, hain zuzen ere, Euskaraldiaren oinarri-oinarrian dagoen ideia. Ikerlan honen ondorioak, beraz, oso baliagarriak izan daitezke tokiko ekimenak indartu eta sustatzeko garaian". Ildo beretik, Mendizabalek azpimarratu du ikerlanak argi jasotzen duela erakunde publikoen eta eragile sozialen arteko elkarlana onuragarria dela horrelako prozesuetarako. "Lankidetza horri sendo eutsi eta garatzeko momentua da".

Antzeko irakurketa egin du Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak ere eta, adierazi duenez, garrantzitsua da aktibazio arrakastatsuak lortzeko gakoak izan daitezkeen antolaketa eta ekintzak bistaratzea. "Lau urteko ikerketa eta esku-hartze prozesu honetako ondorioek, besteak beste, tokian tokiko lanerako eta gogoetarako ildoak jarri ditu agerian".

Ikerketaren zabalkundea. Ikerketaren emaitzak gizartean zabaltzeko hainbat euskarri baliatuko dira:

- Ikerketaren nondik norakoak azaltzen dituen txostena interneten dago eskuragarri www.soziolinguistika.eus/aktibazioa helbidean. Txosten teknikoan xehetasun guztiak biltzen dira eta laburpen txostenetan, aldiz, funtsezko informazioa modu dibulgatiboan jasotzen da, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioetan.

- Euskararen sustapen lanetan aritzen diren herritarrei, elkarteetako kideei eta tokian tokiko administrazioko langileei zuzendutako eskuorri tolesgarriak egin dituzte, emaitzen oinarrizko azalpenekin.

Elkarlanean aritutako eragileak. Proiektu honetan lankidetzan aritu dira Soziolinguistika Klusterra eta Gipuzkoako Foru Aldundia, baina beste hainbat bidelagun ere izan dituzte: EHUko Parte Hartuz Institutua, Elhuyar, Emun, Euskaltzaleen Topagunea, Donostiako Udala eta tokiko beste hainbat eragile: Astra, Ttakun euskara elkartea, Herri-ola egitasmoa, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Emakumeen Mundu martxa, Akebai, Arrasateko eta Tolosaldeko euskalgintza eta Arrasate, Donostia, Errenteria, Hondarribia eta Ikaztegietako Euskaraldiko batzordeak. Ikerketaren sustatzaileek esker ona adierazi diete ikerketan partaide izan diren guztiei.